100 eta 150 dolar bitartean igoko du salneurria Microsoft-ek: RAM eta biltegiratze osagaien prezioek gorakadaren eragina da.

Xboxek Series X eta S kontsolen prezio aldaketa iragarri du. Gailuen salneurria abuztuaren 1etik aurrera igoko da, Xbox Wire webgune ofizialean aditzera eman dutenez.

Nazioarteko prezio igoera izango da; ez dituzte Europarako eguneratutako datuak eskaini, baina hauek izango dira aldaketak dolarretan:

  • Xbox Series S 512 GB: 499,99 dolar (egun, 399,99 dolar)
  • Xbox Series S 1 TB: 599,99 dolar (egun, 449,99 dolar)
  • Xbox Series X Digital Edition 1 TB: 749,99 dolar (egun, 599,99 dolar)
  • Xbox Series X 1 TB: 799,99 dolar (egun, 649,99 dolar)
  • Xbox Series X 2 TB: deskatalogatuta geratuko da

Igoera, nola ez, egungo RAM eta biltegiratze osagaien krisiari lotutakoa da. “Tamalez, kontsolentzako biltegiratze eta memoria prezioak 2,5 aldiz biderkatu dira, eta 2027ko udazkenean berriz bikoiztea aurreikusten dugu”, diote Microsoftekoek.

“Kontsumorako elektronikaren sektore guztiak egin behar dio aurre osagaien krisiari, baina ondorioek kontsolei bereziki eragiten diete”. Azaltzen dutenez, “telefonok, ordenagailuak eta bestelako dispositiboak ez bezala, kontsolak ez dira irabazien marginarekin saltzen, fabrikazio kostuaren azpitik baino”.

Igoerari aurre egiteko, kontsolen ordainketak bideratzeko laguntzak iragarri dituzte. Erosi orain, ordaindu beranduago —ordainketa atalka zatitzeko programa—, interesik gabeko finantzazioa —Amazon bidez—, kontsola zaharrak saltzeko ekimena —kredituak eskuratzeko— eta, ondoren, horiexek berregokitutako kontsola gisa saltzea dira aurkeztutako ideiak.

Ez da Xboxekoek prezioa igotzen duten lehen aldia: iazko ekainean kontsolen prezioa areagotu zuten lehenengoz. Gauza bera gertatzen da gainerako markekin: Nintendo, PlayStation zein Steam gailuen prezio igoera ikusi dugu azken hilabeteotan. Belaunaldi honetan jazo da, lehenengoz, kontsolen salneurria areagotzea. Egoerak horrela jarraituz gero, errepikatzea espero da.