Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak

Twitch, Kick, YouTube edo bestelako streaming zerbitzuek bideojokoen besteko indarra dute gaztetxoen artean, eta antzeko burukominak eragin ditzakete helduengan.

Ibai Llanos, Auronplay, El Rubius, TheGrefg... ziur izen hauetakoren bat edo beste entzun duzuela etxean.

Beste behin, mundu benetan dinamikoa dugu, etengabe aldatzen nahiz eboluzionatzen dabilena. Horren ondorioz, jarraitzea ez da batere erraza ingurune horretatik kanpo baldin bazaude: zerbitzuak sortzen eta desagertzen doaz, ospea lortu duten eduki sortzaileak galdu egiten dira, edo beste zerbaitetan hasi, modak egun batetik bestera igarotzen dira...

 

Zeintzuk dira zuzenekoen plataformak?

Hainbat eta hainbat plataforma daude zuzenekoentzat, baina bi dira nagusiak: Amazon-en Twitch eta Google-n YouTube. Atzetik Kick edo Facebook Gaming dituzte, beste askoren artean, baina ez dira horren erabiliak.

Google-n bideo plataforma ezaguna, dena den, bigarren mailan aurkitzen da Twitchi dagokionez; askotan, Amazonen sarean egindako zuzenekoek bideo bezala bukatzen dute YouTuben.

 

Twitch: kontuan hartu beharrekoak

Twitchen ez dugu erabiltzailerik sortu beharko zuzenekoak ikusteko; bai, ordea, txatean idazteko, eduki sortzaileak jarraitzeko edo harpidetzak ordaintzeko.

Harpidetzak nabarmentzekoak dira. Erabiltzaileak eduki sortzaileen harpidedunak izan daitezke hileroko ordainketen bidez: 4€tik hasten dira, baina 20€koak ere izan daitezke. Harpidetza mailaren arabera, ezaugarri desberdinak desblokeatuko dituzte: emojiak dira nagusiki, baita iragarkiak ezabatzea edo kateko arduradunak eskaintzen dituen bestelako elementuak.

Bits txanponak dira Twitchen ordain daitezkeen beste elementuetako bat. Zuzenekoak ikusi ahala jasotzen goazen moneta da, baina, gehiago nahi izanez gero, ordaintzeko aukera dago: 3,40€tik aurrera eskura ditzakegu. Hauek txatean gure iruzkinak nabarmentzeko erabiltzen dira, esaterako.

 

Nola ezagutu ikusten dutena?

Esandakoa, astirik galdu gabe aldatzen doa zuzenekoen mundua. Hortaz, nola ezagutu dezakegu gazteek kontsumitzen dutena? Erantzuna erraza da: eurekin batera ikusten saiatuz. Horrekin batera, eduki sortzaileek aipatzen dituztenak, euren ideiak, seme-alabekin hausnartzea eta eztabaidatzea komeni da, ikuspegi kritikoa lantzeko.

Twitchen edo YouTuben bideojokoei lotutako streamerrak dira nagusi; hala eta guztiz ere, denetariko edukiak aurki ditzakegu. Sukaldaritza saioak, musika, kirolak, politika, eztabadaiak... eta adi, guztiak ez baitira haurrentzako edo nerabeentzako egokiak.

ElXokas polemikoa, esaterako, oso arrakastatsua da gazteen artean: mezu misoginoak, negazionistak zein xenofoboak entzun ditzakegu, noizean behin, bere zuzenekoetan, baina biraoak behin eta berriz azaltzen dira.

Arazo larria da, noski, halako eduki sortzaileak erreferentzat hartzen baitituzte nerabeek. Hortaz, ikusten dabiltzanaren inguruan kontzientziatzen eta aipatzen direnak ulertzen saiatzea garrantzitsua da.

 

Euskal eduki sortzaileak, badira?

Bai, eta komunitate zoragarria eratu dute. Euskal twitzlariak #3000Twitz izeneko kanpaina prestatzeko elkartu ziren 2020an; gaur egun, ekimena topagune indartsuan bilakatu da.

Zoritxarrez, Twitchek eta YouTubek ez dute euskarazko edukiak bilatzeko aukerarik eskaintzen; zorionez, twitzlariek arazo horri aurre egiteko Twitch Euskaraz webgunea sortu dute. Bertan eduki sortzaile euskaldun gehienak bila ditzakegu; gainera, zuzenean dabiltzanak ikusiko ditugu, eta komunitateak sortutako klipak agertuko zaizkigu.

Zuzenekoen munduan sartzeko bide aproposa da: komunitate osasuntsua da euskaldunena, eta edozein zalantza argitzeko zein laguntzeko prest dagoena.

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak