Txikientzako bideojoko gomendagarriak

Gaur egun haurrek eta nerabeek jo eta su jokatzen dituzten bideojokoak aipatuta, interesgarria izan daiteke euskaratutakoen artean etxeko txikienentzako aproposenak zeintzuk diren ezagutzea.

Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrenda zabala da: plataforma desberdinetan joka daitezkeen 150 titulu baino gehiago ditu gaur egun. Elkarteak egiten dituen Gamer Geletan eskaintza hau ezagutzeko aukera edukitzen dute gazteek: arrakastarik handiena lortzen dutenak errepasatuko ditugu.

 

Pile Up! Box by box

Pile Up! Box by box izan ohi da, inolako zalantzarik gabe, txiki eta nerabe gehien erakartzen dituen bideojokoa. Ez da harritzekoa: Seed by seed estudioak argitaratutako eta bere musikagile Anize Amestoyk ofizialki euskaratutako tituluak hiru dimentsioko Super Mario abenturen oinarriak hartu, eta kooperatiboan jokatzea ahalbidetzen du.

Lau lagun elkarrekin ariko dira puzzleak eta erronkak gainditzen gaur egungo plataforma nagusi guztietan dagoen bideojokoan.

 

Townscaper

Townscaper berezia izaten da gazteen begirada guztiak erakartzen dituen beste lanetako bat; egia esan, askok aurretik ezagutzen duten bideojokoa da, euskaraz joka dezaketela jakin gabe. Hiriak eraikitzen eta sortzen ariko gara obra koloretsu honetan. Ez gara baliabideak biltzeaz arduratu beharko: pantailan sakatuta blokeak jarriko ditugu.

Sormena eta irudimena sustatzen dituen obra bikaina da: gailu mugikorretan zein ordenagailuan aurkituko dugu.

 

A Short Hike

A Short Hike jokalari bakarrarentzako abentura txiki, eder eta alaia da. Claire izeneko txori antropomorfikoa gidatuko dugu mendi gailurrerako bidaian. Ibilbide “laburrean” lagunak ezagutu, misioak bete, arrantzan egin, kiroletan jokatu eta urrezko lumak bilduko ditu, besteak beste. Adin guztierako maisulan galanta.

Adam Robinson-Yu garatzailearen jokoa egungo plataforma guztietan badago ere, euskaraz jokatzeko Josu Igoa zaleak egindako itzulpena erabili beharko dugu PC-ko bertsioan.

 

Veloren

Bukatzeko, Veloren Minecraften inspiratutako doako eta kode irekiko abentura dugu. Esploratzen, misioak betetzen eta lagunekin abenturak bizitzen ariko gara bideojokozaleen komunitateak sortu eta eguneratzen jarraitzen duen proiektu ikaragarri honetan.

PCrako bertsioa Velorenen webgunetik jaitsi dezakegu: Game Erauntsia Elkarteak arduradunekin egindako elkarlanari esker, ofizialki euskaratuta dago.

Gomendiookin bukatuko dugu helduei laguntzera eta aholkuak eskaintzera bideratutako erreportaje berezia. Edozein zalantza edukiz gero, Game Erauntsiaren helbide elektronikora idatz dezakezue; ekarpenik egitekotan, gogoratu gure bloga komunitarioa dela eta edonork testuak argitaratzeko aukera daukala!

Amaitzeko, zalantzak edo gomendioak azkar batean jaso gura badituzue, gure Telegram talde irekiko kideak beti daude laguntzeko prest.

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak