Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean

Gurasoen kontrol tresnak, bideojokoen adinkako sailkapen ofizialak eta hauetan sakontzeko baliabideak zein tresnak ezagutu ditugu dagoeneko.

Esandako guztien ondoren, ziurrenik etxean horrenbeste aldiz aipatzen diren bideojokoek eskaintzeko daukatena are sakonago ezagutu nahi duten helduak egongo dira. Aipatu modura, gure gazteek ia egunero jokatzen dute bideojokoetan, hauetan hainbat ordu emanda: % 25,9k ordu erdi baino gutxiago jokatzen du egunean, esaterako, baina % 9,7k bi ordutik gora jokatzen du.

Genero guztietako tituluak ikusiko ditugu zerrenda honetan. Garatzaileentzat ez da erraza izaten arrakasta eta ospea aurkitzea, baina gehien jokatzen diren lanek ezaugarri pare bat partekatu ohi dituzte: enpresa handiek garatzen dituzte, dohainik joka ditzakegu eta zerbitzu erako bideojokoak izaten dira. Hau da, euren bizitza luzatzeko eguneraketak eta edukiak jaso ohi dituzte, hainbat urteko ibilbidea eratuz modu horretara. Halere, eskema horretatik urrundu arren gazteen artean sekulako izena daukaten tituluak daude.

Etxean Fortnite, Minecraft, Roblox, Rocket League edo Clash Royale bezalako izenak dozenaka aldiz entzungo zenituen. Dena den, ba al dakizu zer jazotzen den joko bakoitzean? Zer nolako proposamenak eskaintzen dituzten? Goazen ezagunenekin.

 

Fortnite

Nazioartean gaur egun indarrik handiena duen bideojokoa izango da ziurrenik Epic Games taldearena; halaxe da aspalditik, baina egunero ia bi milioi jokalari elkartzen jarraitzen du. Kontsola guztietan, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan joka daiteke, dohainik eta plataforma arteko jokoarekin: berdin dio non jokatzen duzun, beste gailuetako jokalariekin batera ibil zaitezke.

Battle royale estiloko tiro jokoa dugu; hau da, ehun bat jokalari elkar akatzeko biltzen dira hainbat minutu iraun ditzaketen norgehiagoketan. Gainerako jokalariak benetakoak dira: online lehiatzen dira Fortniteko partidak.

Egia da estetika koloretsuarekin eta alaiarekin errealismoa alboratu egiten dela, eta ez dugula odol tantarik ikusiko, baina biolentzia kutsu nabarmena duen jokoaren aurrean gaude: tiroketak, kolpeak eta bestelakoak ageri dira behin eta berriro.

Azken urteotan, baina, battle royale elementuez gain sortzaileen komunitateari irlak, edo, hobeto esanda, erronkak eratzeko eta hauek zabaltzeko aukera eskaintzen diete. Horrela, lasterketak, plataformak eta bestelakoak ere ikus daitezke Fortniten.

Aipatutakoak kontuan hartuta, hamabi urtetik gorako gazteei zuzenduta dago Fortnite. Gurasoak adi ibiltzea komeni da, dena den: online komunitate erraldoiarekin, joera toxikoak ematea ohikoa da. Horregatik, haurrekin batera jokatzea komeni da, bertan jazo daitezkeen egoerak nola kudeatu irakasteko eta irainei edo biraoei buruz hausnartzeko.

Bukatzeko, Fortnitek ordainpeko eduki gehigarri mordoa du bere saltoki digitalean. Estetikoak dira gehienbat: adibidez, Spider-Man, Darth Vader edo Son Goku bezalako pertsonaia ospetsuen itxurarekin jokatzea ahalbidetzen dute.

 

Minecraft

Saldutako 238 milioi bideojokoekin —eta legez kanpo eskuratutako beste hainbat alerekin—, munduko bideojokorik arrakastatsuena da Minecraft. Mojang estudioak sortutako eta ondoren Microsoft-ek bereganatutako biziraupen titulua plataforma nagusi guztietan proba daiteke: mugikorretan, kontsolean zein PCan dago.

Minecraft mundu irekiko bideojokoa dugu: gure pertsonaiarekin baliabideak biltzen, etxeak zein tresnak sortzen eta eraikitzen nahiz hainbat helburu betetzen ariko gara. Horrez gain, sormena ardatz duen joko modalitatea ere badauka, non mugarik gabeko baliabideekin nahi duguna era dezakegun.

Online komunitate sendoa sortu da bere inguruan, gainera: zerbitzari anitzetan aipatutakoak egiten zein joko txikietan eta auzolanetan parte har daiteke.

Halere, biolentzia puntua ere badauka Minecraftek. Munstroak hiltzen ibiliko gara, baina, sarean gainerako jokalariak hiltzeko gaitasuna edukiko dugu, hori aktibatuta badago behintzat. Bilatuz gero, online zerbitzari desberdinetan jokalariak jokalarien aurkako modalitateetan aritzeko aukerak daude.

Zerbitzarien ekosistema ez da horretara mugatzen: oinarrizko bideojokoan egin daitekeena eboluzionatuz, denetariko arloak eta jarduerak biltzen dituzten guneak aurkituko ditugu, beraz zaila da eduki aldetik zer nolakoak ikusiko ditugun definitzea.

PEGIko arduradunek zazpi urtetik gorakoei zuzendutako titulua dela irizten dute biolentzia eman daitekeelako Mojang-ek sortutako mundu koloretsuetan. Gainera, beldur zertzeladak egon daitezkeela ere nabarmentzen dute: Minecrafteko kobazuloak eta lurrazpiak ez dira aproposenak ume txikienentzat.

Kasu honetan ere jokorako ordainpeko eduki kopuru izugarria dagoela azpimarratu behar da. Umeek espantsioak, eduki kosmetikoak eta bestelakoak eros ditzakete Minecrafterako benetako dirua erabiliz.

Azkenik, Minecraft Java —hau da, ordenagailuetan aurki dezakegun bertsio klasikoa— euskaratuta dago. Gure euskarazko bideojokoen zerrendan informazio gehiago duzue, baina artikuluaren bukaeran sakonduko dugu horretan; bestela, Java bertsioak ez du ezer berezirik behar euskaraz gozatu ahal izateko.

Horri esker denetariko ekimenak antolatu ditu Game Erauntsiak Mojangen titulua erabilita: besteak beste, AEK-rekin batera egindako Korrika birtuala zein Bergarako Udalarekin burututako eraikuntza proiektua. Bideojokoek eskaini dezaketena askotan jokalarien esku geratzen denaren seinale.

 

Roblox

Bideojoko izendatuta baino, “bideojokoen plataforma” leloarekin iragartzen da Roblox. Izan ere, Roblox Corporationen proiektu ezagunean erabiltzaileek sortutako mundu birtualetan murgilduko gara.

Jabeen esanetan, bost milioi sortzaile inguru batu ditu Robloxek 2006an kaleratu zutenetik; jokalarien aldetik 200 milioi inguru ikusiko dituzte. Doako proiektua da Roblox, beraz sortzen zein jokatzen hasteko muga gutxi edukiko ditugu.

Esan bezala, sortzaileak dira bideojokoak eratzeaz arduratuko direnak plataformaren baitan; hori horrela, askotariko edukiak ikusiko ditugu mundu anitzetan. Mundu koloretsuetan nahiz alaietan hasi dezakegu gure bidaia, baina kutsu ilunagoak dituzten unibertsoetara ere jo dezakegu.

Hori dela eta, PEGIkoek ez diote adinkako sailkapenik egotzi Robloxi, “gurasoen gidaritzapean jokatzea komeni dela” adierazi baino. Ez da gutxiagorako, ordainpeko eduki arriskutsuak baititu bideojokoak: Robux moneta digitalaren inguruan eratutako iruzurrak ohikoak bilakatu dira, erabiltzailearen datuak eskuratzera bideratutako phising webguneekin, adibidez.

Robloxek eskaintzen dituen berezko gurasoentzako kontrol tresnekin gure seme-alabek ikus eta erabil ditzaketen edukiak mugatzen ibil gaitezke, esate baterako.

 

FIFA – EA Sports FC

Ziurrenik ez du aurkezpenik behar, baina gaur egun FIFA futbol bideojokoen saga ospetsuak bizi dituen aldaketekin bideojokoen oinarrizko datuetan sakontzeak merezi du.

Orain 30 urte Electronic Arts enpresak FIFA erakundearekin elkarlana abiatu zuen bideojokoen industriako futbol frankizia handiena eratzeko. Halere, hiru hamarkadaren ostean akordioa eten egin dute, bakoitzak bere bideari ekinez. EAk azken FIFA jokoetan erabilitako atal teknikoa mantenduko du irailaren 29an merkaturatuko duten bideojoko berrirako: EA Sports FC.

Hiru urtetik gorako jokalariei zuzenduta daude EAren futbol jokoak. Ez da harritzekoa, ezta? Dena dela, bai FIFAn, bai EA Sports FCn ikusiko dugun modalitate bat ezagutzea komeni zaigu: Ultimate Team.

Futbol partida arruntez aldentzen den joko mota dugu. Jokalarien kartak eskuratuta ametsetako taldea eratzeari ekingo diogu, gero partiduetan eurekin jokatzeko. Non dago koxka? Kartok jokatzen lor daitezkeela, baina baita benetako diruarekin ere.

Nola ez, jokalaririk onenak Ultimate Teamen doan dabiltzanen eskuetatik urrun ibiliko dira; beraz, ganorazko taldea sortzeko ordaindu egin beharko dugu. Bukatzeko, iruzurren kasuak eman dira modalitate honetan; gurasoak adi ibiltzea garrantzitsua da, alegia.

Bestalde, UTren zein gainerako modalitateen inguruan eratutako online komunitate handiak ere kontuan hartzekoak dira. Ahots txatarekin komunikatzeko aukera egonda, txikienak norekin jokatzen dabiltzan ezagutu nahiko dute helduek.

 

Rocket League

Psyonix estudioaren bideojokoak bi ideia sinple baina erakargarri nahasten ditu: futbola eta autoak. Rocket Leaguen kotxe telegidatuak maneiatuko ditugu, turbo eta guzti, futbol lehia bizietan jokatzeko.

2015. urtean argitaratu zenean ez zuen denbora askorik behar izan arrakasta lortzeko; dena den, benetako eztanda 2020an eman zen, Epic Games enpresak Psyonix erosi, eta Rocket League dohainik eskaintzen hasi zenean. Doako joko dibertigarria + gailu nagusi guztietan plataforma arteko jokoarekin= ikaragarrizko arrakasta.

Milioika jokalarirekin, Rocket League noizbehinka zein modu profesionalean goza daiteke: online partidak izaten dira nagusi, tokiko lehiak ere joka daitezkeen arren. Futbol partidu arruntak, saskibaloia, hockeya eta bestelako modalitate zoroak ere baditu; gainera, txapelketetan parte hartzeko aukera eskaintzen du.

Proposamenak maleziagabea dirudi, baina hainbat puntu kontuan hartzea komeni zaigu. Ez dugu biolentziarik ikusiko bere horretan; halere, partiduek, batez ere modu lehiakorrean jokatutakoek, toxikotasun maila handia izan dezakete.

Aurkarien zein taldekideen artean haserreak, irainak nahiz biraoak ohikoak izaten dira. Jokoak dituen mezu azkarren eta idatzizko zein ahots txataren bidez eman daitezke halakoak. Biolentzia kutsu txikia ere badauka: aurkarien autoak suntsi ditzakegu hauek une batzuez desagerrarazteko.

Hori dela eta, adingabekoak jokatzen dabiltzala beraiekin batera egotea da aproposena. Mikrotrantsakzioak ere zaintzekoak dira, joko barruan denetariko eduki estetikoak eros ditzakegulako: autoak, efektuak, txapelak, gurpilak…

Hiru urtetik gorakoentzako sailkapena jasoko zuen, baina aipatutako jarrerak eta jokabideak aintzat hartzekoak dira etxeko txikienek Rocket Leaguen jokatzen dutenerako.

 

Brawl Stars

Gailu mugikorrek ere sekulako indarra dute bideojokoen munduan. Horrenbeste modarekin zein eztandarekin zaila da Android edo iOS mugikorretako egungo bideojokoen erritmoa jarraitzea.

Brawl Stars 2018 bukaeran estreinatu zuen Supercell taldeak, baina gaur egun milioika jokalari elkartzen jarraitzen du: Play Store-ko datuen arabera 100 milioi deskargak gaindituta dauzka doan eskura daitekeen lanak.

Hiru jokalariz osatutako bi taldek bata bestearen aurka egingo dute borroka motzetan. Jokalari bakoitzak bere pertsonaia hautatu eta hiru minutuko duelu laburretan rol desberdinak beteko ditu.

Helburua aurkariak akatzea izanik, argi dago biolentzia ikusiko dugula bideojokoan; ez da errealista izango, ordea. Atal grafiko estilizatua aurkezten du Brawl Starsek, animazio filmeak gogora ekartzen dituen estetikarekin.

Arazorik nabarmenena, baina, bere pay to win (ordaindu irabazteko) ezaugarrietan dago: bideojokoa doakoa izango da, bai, baina gure pertsonaiak mailaz igotzeko hobekuntzarik adierazgarrienak lortzeko bidea benetako diruarekin ordaintzea da. Batu ezazu partida lehiakorrekin, eta joera arriskutsuak sor ditzaken jokoa duzu.

 

Clash Royale

Clash of Clans ezagunak jokalarien kopuru beldurgarria biltzen jarraitzen badu ere, gaur egun agian are indar handiagoa dauka bere spin-off Clash Royalek. Herriak sortzeari eta inbaditzeari ekin ordez, hemen karta bidez jokatzen den denbora errealeko estrategia jokoan ariko gara beste jokalari baten aurka.

Supercell estudioaren mugikorretarako beste bideojokoetako bat da; egia esan, garatzailearen orrialdean sartuz gero Androideko eta iOSeko titulurik arrakastatsuenetakoak sortu dituztela ikus daiteke, eta guztiak doakoak dira..

Bi armaden arteko borroka izango da Clash Royalen muina; biolentzia barra-barra ikusiko dugu hortaz, komikoa edo animatua den arren. Arazo nagusia, beste behin, erosketen eta pay to win mekaniken aldetik dator: kartarik onenak eskuratzeko ordaindu egin beharko dugu, lehiakortasuna diru xahuketan bihurtuz.

Hemen ere txapelketak edo norgehiagoka lehiakorrak ikusiko ditugu, jokoaren oinarrizko mekanikak ikusita halakoentzako lekurik ez dagoela pentsa badezakegu ere.

 

Mario Kart 8 Deluxe

Mario Kartek bai ez duela aurkezpenik behar. Nintendoren lasterketa joko zoroak 1992an abiatu ziren, baina Switch kontsolan argitaratutako MK8 Deluxe bertsioa da, zalantzarik gabe, frankiziako arrakastatsuena: salmentek 53,79 milioi aleak gainditzen dituzte, Switcheko nahiz sagako titulurik salduenean bilakatuz.

Mario eta lagunek bizitako arkade kutsuko lasterketa komikoak ikusiko ditugu jokoan. Ez dira, noski lehia arruntak izango: turboak, oskolak, jauzi ikaragarriak eta urazpian, zeruan nahiz antigrabitatearekin bueltaka ibiliko gara karten zein motorren gainean.

Horren ohituta gaude, ez dugula kontuan hartuko, baina biolentzia ikusiko dugu horren inozenteak diruditen partidetan. Aurrea hartzeko eta kopak eskuratzeko bidean gure trebezia erakutsi beharko dugu; aldi berean, aurkariei erasoko diegu zirkuituetako kaxetan sakabanatutako objektu desberdinak erabilita.

Noski, mezua argia da: jo itzazu gainerakoak, erasotu, oztopoak jarri eta zirkuitutik kanpora jaurti txapelduna izateko. Online komunitate sendoa daukan arren, mugatutako komunikazio bideek toxikotasun maila hori mugatzen laguntzen dute adiskideekin ganoraz hitz egiteko bideen kalterako.

Ez dugu mikrotrantsakziorik aurkituko azken Mario Kart honetan —bai, ordea, mugirrekotarako Mario Kart Tour-en—. Halere, Booster Course Pass eduki gehigarriak ordainpeko zirkuitu sorta berria dakar.

Mario Kart 8 Deluxen ere euskaraz ibil gaitezke: Game Erauntsia Elkarteak lokalizatu zuen Nintendoren bideojokoa. Zoritxarrez, ez da itzulpen ofiziala, eta euskaratzeko tresna bereziak erabili beharko ditugu.

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak