Eztainuk eta Game Erauntsia Elkarteak lokalizatu dute Lince Works katalanaren azken bideojokoa. PC-an zein Xbox kontsoletan kaleratu da itzulpena.
Euskarazko bideojokoen zerrendara titulu berria gehitu da. Lince Works estudioak iaz argitaratutako Aragami 2 aparta gure mintzairan joka daiteke, ofizialki, azken doako eguneraketa instalatuta.
Eztainu bideojokozalea arduratu da itzulpen lana burutzeaz: orain gutxi Outer Wilds maisulana euskaratu zuen zaleak 26.000 hitz baino gehiagoko lokalizazioa gauzatu du oraingoan. Berari laguntzen ibili gara Game Erauntsia Elkartetik; elkarrekin, Lincekoekin adostutako hitzarmen bati esker garatzaile katalanaren obrara PCan zein Xbox Series eta Xbox One kontsoletan —obra PlayStation kontsoletan dagoen arren, ezin izan da lokalizazioa hauentzat argitaratu— euskaraz jokatzea posible egitea lortu dugu.
Ninjak, isilpea, botere magikoak eta borroka latzak biltzen ditu Aragami 2k. Lehenengo atal xumean lortutako guztia beste maila batera eramatea lortu zuten iazko bideojokoarekin: nabarmentzekoa den atal estetikoarekin, gure helburuak itzalen maisuan bihurtzea eta Rashomon herrixka babestea izango dira.
Horretarako, abilezia eta mugimendu berezi mordoa erabili ahalko ditugu: itzal jauziekin, esate baterako, teleportatzen ibiliko gara. Teilatuetatik saltoka aritzea izango da gure betebeharretako bat, beraz aproposa izango da bat-batean lekualdatzeko ahalmen hori. Isilpean ibilita, arerioak akatzeko tresnak izango ditugu eskura.
Nola ez, borroka gogorrak ere biziko ditugu. Arrisku handiko, baina ordainsari handiko dueluak proposatzen dituzte Lincekoek: Dark Souls sagan, besteak beste, ikusitako borroka mekanikak biltzen ditu Aragami 2k. Horietatik guztietatik bizirik ateratzeko ekipamendua ezinbestekoa izango da, gainera: gure armadurak zein armak sortzeko aukera edukiko dugu. Ekipamenduari ezaugarri bereziak ezartzeko ahalmenak ere lortuko ditugu.
Joko kooperatiboa ere nabarmentzekoa da: hiru lagun elkarrekin ibil daitezke aipatutakoak egiten. Kanpaina guztira joka daiteke modu horretara; laguntzarekin, nola ez, errazagoa nahiz dibertigarriagoa izango da etsaiak eraistea eta akatzea.
Azken eguneraketarekin hizkuntza gehitzeaz gain zailtasun mota berriak ere gaineratu dituzte arduradunek: jokoa errazagoa izateko zein zailagoa izateko doikuntzak daude orain menu nagusian.
Komunitatea, euskarazko jokoetan lan egiten
Argi dagoen bezala, gure hizkuntzan bideojokoen zaletasunaz jokatzeko aukerak gero eta anitzagoak dira. Euskal bideojokalarien lanari esker Aragami 2 bezalako tituluez ofizialki goza dezakegu horrela; gauza bera gertatzen da Papers, Please, Space Revenge zein Sword of the Necromancer bezalako lanekin.
Hala ere, are gehiago dira ez ofizialki lokalizatutako jokoak: azken hilabeteotan Super Mario 64, Outer Wilds edo Mario Kart 8 Deluxe bezalako maisulanak ikusi ditugu euskaraz.
Zaleek egindako itzulpenak baino askoz gehiago ikusten gabiltza, zorionez: argi dago euskal garatzaileek beren lanak ama hizkuntzan ikusi nahi dituztela, eta hori lortzeko lan gehigarria egiten dute. Azkenaldian Nuclear Corps, Pile Up, Magic Twins, The Five Covens edo Itadaki Smash ikusi ditugu; laster, One Last Breath iritsiko zaigu.
Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki ditzakezue aipatutakoak eta askoz gehiago.
Iruzkinak