Los Angelesko turismo bulegoak datozen urteko bideojokoen ekimenok bertan behera geratu direla iragarri du.
Electronic Software Association ( ESA) batzordeak ez dio E3 azokari uko egin nahi. Jakitera eman duenez, oraindik E3 2024 eta 2025 ekimenak egiteko aukerak egon daitezke.
“E3 2024aren (eta ondorengoen) antolakuntza prestatzen gabiltza oraindik”, adierazi diote Eurogamer agerkariari. “Oraindik ez da behin betiko erabakirik hartu ekimenaren inguruan”.
Adierazpenok Los Angelesko turismo bulegoak gaur argitaratutako txostenean azaldutako informazioari erantzuteko egin dituzte ESAtik. Dokumentuko diapositiba batean ikus daitekeenez, datozen bi urteetako E3 azokak bertan behera geratuko ziren.
Hori horrela, ikusteko dago datorren urteetan E3ak bizirik jarraituko duen. Azken urteak ez dira onenak izan bideojokoen munduko azokarik handienarentzat: aurten ReedPop enpresak antolatutako ekitaldia bertan behera geratu da enpresen eta elkarteen babes eskasarengatik, baita iaz ere. Aurreko urteetan pandemiaren eraginez ezin izan dute aurrez-aurreko ekimenik prestatu.
Bideojokoen enpresa handiak aspalditik ibili dira E3ari uko egiten, baina: PlayStation-ekoak ez dira azken urteetako E3etan azaldu, eta beste hainbatek berezko aurkezpenak burutzeari ekin diote.
Aurkezpen digitalak, bizirik
Horren harira, aurten E3rik bizi ez dugun arren enpresa handiek zein elkarte txikiek denetarik ekimenak eta zuzenekoak gauzatu dituzte.
Besteak beste, PlayStation Showcase, Nintendo Direct, Xbox Games Showcase eta askoz gehiago jarraitu ahal izan ditugu egunotan.
Iruzkinak