Bideojokoen mundua etxeko txikientzat zein nerabeentzat kaltegarria izan daitekeela irakurtzen dugu, behin eta berriz. Biolentzia, jazarpena, nahi gabe egindako erosketa garestiak, sexua… beldur asko dituzte gurasoek nahiz irakasleek, ulertzekoa den bezala, baina ezjakintasunak eraginda.
Zalantzak argitu nahian, atal berezi hau prestatu dugu Game Erauntsian. Helburua bideojokoei lotutako hainbat gako nabarmentzea eta ezagutaraztea da: gurasoentzako kontrol tresnak, adinkako sailkapenak, gomendatutako bideojokoak...
Gida sinplea osatu nahi dugu: etxean bideojokoei ekiteko lehen pausoak emateko laguntza. Dena dela, zuon zalantzak edo iradokizunak idatz ditzakezue orrialdean behealdean dagoen atalean. Asko eskertuko genizueke!
Gazte euskaldunak bideojokoetan
UEMAk 2022. urtean aurkeztutako Euskal Herriko gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketan ageri denez, hiru gaztetik bik bideojokoetan jokatzeko ohitura daukate egunerokotasunean.
Orduei dagokienez, gazteen % 25,9k ordu erdi baino gutxiago ematen du egunean jokatzen; % 17,5ak ordu erdi eta ordubete artean igarotzen du partidetan; % 13,5 ordubete eta bi ordu artean aritzen da; % 9,7k bi ordutik gora jokatzen du. Bukatzeko, ikasleen % 33,3k ez du bideojokorik erabiltzen.
Arriskuak... eta onurak
Argi dago bideojokoak gaur egungo aisialdiaren elementu nabarmenean bilakatu direla. Esan bezala, beldurra eragiten du horrek gurasoen eta hezitzaileen artean: gehiegizko erabilera arrisku esanguratsua da, eta hori ekiditeko bideak bilatzen dituzte.
Halere, elementu positiboak ere aurki ditzakegu bideojokoen munduan. Harremanak lantzen ikasteko aproposak dira; gainera, denbora kudeatzen ere irakats diezakegute; emozioen kudeaketa lantzeko eraginkorrak dira, enpatia zein pentsamendu sortzailea areagotuz; bukatzeko, hizkuntzen ikasterarako ere lagungarriak dira!
Kontuan hartzeko faktore mordoa ditugunez, gida hainbat ataletan banatu dugu. Jarraian, landuko ditugun alor desberdinak dituzue:
-
Egungo bideojoko plataforma nagusiak
-
Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
-
Adinkako sailkapenak
-
Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
-
Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
-
Txikientzako bideojoko gomendagarriak
-
Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
-
Bestelako zerbitzuak eta aholkuak
Iruzkinak