Jade Raymond garatzailearen talde berria da. PlayStation 5-erako eta PC-rako titulu batean dabiltza lanean.
PlayStation Studios-etik iragarri dutenez, marka japoniarrak Haven Studios erosi du. Orain urtebete sortutako estudioa Sony-koen babespean aurkeztu zen; orain, zuzenean PlayStationen garatzaileen taldearekin bat egin dute.
Ubisoft-eko eta Googlen Stadia Games & Entertainment-eko arduradunetako bat zen Jade Raymond sortzailearen estudioa da Haven. Garatzaile taldearen arduradunak “fase berria hasiko dutela” aipatu du PlayStation Blog-ean.
Raymondek bere taldeak egindako “aurrerapen izugarria” nabarmendu du, “talentudun talde sutsuagatik eta beren ekarpen ikaragarriengatik”. Izan ere, garapen taldea “industriako beteranoez osatuta dago”. Stadiako departamentuko sei kide gehitu direla aipatzen da artikuluan, baita Assassin’s Creed sagako arte zuzendari ohia, Raphael Lacoste. Zehazki, 2021ean estudioa iragarri zutenetik langileen kopurua hirukoiztu egin da, baina halere are kide gehiagoren bila dabiltza Havenekoak.
Nola ez, garrantzitsuena bideojokoak dira. Oraindik ez dute zehaztu zein den prestatzen dabiltzan lana, baina orain urtebete iragarritakoa PlayStation 5erako eta PCrako merkaturatu nahi zuten. Printzipioz ez da aldaketarik egongo plataformen kasuan. Multijokalari zerbitzua izango da, hori bai: “askatasunean eta emozioetan oinarritutako eboluzionatzen ari den mundu sistemikoa” agintzen dute garatzaileek. Hitz handiak, beraz. Jokalariak hainbat urtez gatibatuta eduki nahi dituzte obrarekin.
Hermen Hulst PlayStation Studioseko burua harro agertu da estudio berriarengatik. “Oso harrituta gaude Jade Raymonden talentudun taldearengatik, eta multijokalari obra originalarengatik daukaten ikuspegiarekin”.
Azken hilabeteetan hainbat izan dira PlayStationek bereganatutako estudioak. Azkena Bungie izan zen, nahiz eta hau ez den PlayStation Studiosera gehituko. Bluepoint Games, Housemarque, Nixxes Software eta Firesprite taldeek, ordea, bai egin dute bat garatzaileen talde erraldoiarekin.
Iruzkinak