Ekimeneko zenbait partaideren adierazpenekin, Anait Games agerkariak programak bete gabe utzi dituen promesei buruzko erreportaje zabala argitaratu du.

Moonatic Studios nafarrak eta beste hiru garatzaile taldek PlayStation Talents ekimenetik bereizi zirela jakitera eman zuten atzo, “hartutako obligazioen betetzean desadostasunak” sortu direla aldarrikatuta. Desakordio horiei buruzko xehetasun handirik eman zuten ez arren, gaur Anait Games agerkari independenteak bertan jazotakoei buruzko erreportaje sakona zabaldu du.

Bertan sortzaile nafarrek zein Broken Bird Games, Tapioca Games eta Gatera Studio taldeetako kideen adierazpenak bildu dituzte, kontratuei buruzko informazioa ezagutzera emanez, bizitako jazoerak laburbilduz eta bertatik alde egiteko arrazoiak nabarmenduz.

Moonatick Studiosekoen arabera, PlayStation Talentsekoek ez dituzte euren ekimena zabaltzerakoan nahiz kontratua sinatzerakoan zehaztutako baldintzak eta akordioak bete. Programak PlayStation kontsoletarako bideojoko bat garatu eta argitaratzeko laguntzak eskaintzen ditu: kontsoletarako garapen kitak eta workstation-ak, 100.000 eurotan balioetsitako promozio eta marketing kanpaina, finantza eta enpresen sorkuntzarako, ekoizpenerako, marketingerako eta argitalpenerako aholkularitza nahiz hamar hilabetez Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako, Malagako, Las Palmaseko edota Bilboko egoitzetan lan egiteko aukera dira ekimenaren ardatzak.

One Last Breath-en garapen prozesuan, ordea, era guztietako arazoak eta oztopoak ikusi izan dituztela nabarmentzen dute euskal garatzaileek. Hasteko eta behin, aholkularitza laguntzarik jaso ez dutela salatzen dute: “beraiekin izandako bileretan egin genuenari buruz galdetzen ziguten, eta kitto”, diote Moonaticekoek. “Ez ziguten ezta txantiloirik pasa ere. Nola nahi dute jokoa azarorako bukatuta egotea heziketa edo aholkularitza espezifikorik jaso gabe?”.

Aipatutako lau estudioetatik, Moonatic izan da egoitza ofizialetako batean lan egiteko aukera eduki duen bakarra. Hala eta guztiz ere, ia urtebete itxaron behar izan zuten bulegoa erabili ahal izateko; gainerako garatzaileek etxetik lan egin behar izan dute. Ekitaldi eta azoka handietan bideojokoak promozionatzeko eta ezagutzera emateko orduan oztopoak ere izan dituzte: nahiz eta estudioko bi kideri bidaia gastuak ordainduko zizkietela agindu, azkenik ez da horrela izan: “Fun&Serious, Gamergy, Valladolid Gaming Experience eta Indie Dev Day azoketara gure diruarekin joan ginen. Talentsetik Indie Dev Dayrako garapen kit bat baino ez ziguten eskaini, ekimena hasi baino egun bat lehenago gainera, hainbat arazo sortuta”.

Sare sozialetan aipatzen dutenez, halako jarrerengatik programakoekin zuten harremana "galtzen" joan zen denborak aurrera egin ahala. "Etorkizunean gauzak egingo zirela esaten zuten", diote Moonaticekoek, baina "Talentsekin bat egiteak garapenerako ez zuela inolako onurarik suposatzen" azpimarratzen dute.

Are gehiago, PlayStation Talentsek antolatutako The Moment ekimenerako ere denborarik gabe ibili zirela diote; izan ere, abisua astiarekin eman ordez azkenengo unean egin zuten. Horren ondorioz, garapena gelditu eta trailerrak presaka prestatu behar izan zituzten; gainera, ez zuten inolako laguntzarik edo aholkurik jaso Talentsen aldetik.

Aholkularitzaren aldetik jarraituta, agindutako hitzaldien eta ikastaroen izaerari buruz ere hitz egiten da Marta Trivi kazetariak idatzitako artikuluan. “Kontratuan adierazitako hitzaldiak gehienbat ez zirela existitzen ikusi genuen hasi bezain laster, eta egiten zirenak ez zuten ezertarako balio”, aipatzen dute Moonaticetik.

“PS Talentsen profesionalizatzea espero genuen. Bideojoko baten garapenari eta workflow-ari buruzko aholkularitza jaso ez ezik, ekoiztea, garapen denboraren kalkuluak egitea eta hori guztia itxaroten genuen”. Behin programa bukatuta, “estudioarekin aurrera egiteko aukerak edukitzea, bideojokoa arrakastatsua izan edo ez”.

Azkenean, sekulako “neke mentala” bizi zutela aitortzen dute nafarrek Anaiten erreportajean: “Udarako nekatuta genbiltzan eta salmenta zein helburuen aurreikuspenak eskatzen hasi ginen atzerapenen arren honetan lan egitea merezi zuen baloratzeko. Marketingaren banakapena eskatu genuen eta ez ziguten eman”.

Kontratua behin eta berriz betetzeko eskatzen ibili ondoren, hitzarmen berri bat sinatzeko akordiora iritsi ziren lau estudioak Talentsetik. Hala ere, bertan agertutako baldintzak are okerragoak zirela ikusi zuten garatzaileek. Une horretan ekimenetik bereizteko erabakia hartu zuten.

Salatzen dutenez, baina, ez da ekimenak halako arazoak bizi izan dituen lehenengo edizioa. Proiektuak argitaratu gabe geratu diren hainbat estudioren patua ezezaguna dela ikusi zuten Moonaticekoek; are gehiago, ez zen publiko egin hauek programa utzi zutela. Hori ez zitzaien ondo iruditzen sortzaile hasiberriei: “ezin da jakin programak ez duela modu egokian funtzionatzen bereizketa horiek ez direlako publiko egiten errepresalien beldurragatik”.

Twitter bidez nabarmendu dutenez, "% 200 batean saiatu" ziren guztiak funtziona zezan, egunero programan bizi zuten egoera hobetzeko asmoz. Hala ere, Talentsekoengandik kontrako jarrera ikusten zutela diote, tamalez. Programatik bereizteko asmoa agertu zutenean, ordea, "inolako oztoporik gabe" egin ahal izan dutela eskertu dute nafartarrek.

 

One Last Breath, aurrera

PlayStation Talents utzi arren, euren proiektuek aurrera jarraitzen dutela adierazi dute bai Moonatic Studiosekoek, bai gainerako garatzaileek. Nafarrek sare sozialetatik jakitera eman dutenez, Nexxyo Labs eta Catness Games enpresekin akordio batera iritsi dira One Last Breathen garapena bermatzeko.

"One Last Breathen etorkizuna inoiz baino distiratsuagoa da", diote pozik indie sortzaileek: "Taldeak azkenik dauzka hasieratik amestutako motibazioa, laguntza eta estabilitatea". Hori guztia ospatzeko berritasunak agindu dituzte biharko: bideojokoaren trailer berria baieztatu dute.

Hala eta guztiz ere, egungo PlayStation Talentsen edizioan beste euskal bideojoko bat dagoela gogoratu beharra dago: Fsix Games estudio bilbotarra garatzen ari den Rivalia: Dungeon Raiders ARPG abenturari buruz gabiltza. Bilbokoek ez dute adierazpenik egin arestian aipatutakoei buruz, beraz tituluaren garapenarekin Talentsekoen aterpean jarraitzen dutela suposa dezakegu.