Xbox-ek iragarritako tituluetako batzuk aurkeztea espero da Switch kontsolarako.
Nintendok Direct berria baieztatu du biharko. Aurkezpen arrunta izan beharrean, Nintendo Direct Partner Showcase formatukoa izango da: hirugarrenen enpresetako bideojokoak izango dira protagonista.
Switch kontsolan 2024ko lehen seihilekoan merkaturatuko diren tituluetan ardaztuko dira, hortaz. Hautagai nagusia, noski, Xbox da: joan den astean Phil Spencer-en taldekoek egindako podcast berezian Xbox Game Studios-en lau bideojoko beste kontsoletara eramango zituztela baieztatu zuten, beraz baten bat Nintendoren ekitaldian agertzea espero da.
Indarra hartu duen beste zurrumurruetako bat Endless Ocean sagari lotutakoa da. Pyoro insider ezagunak itsaspeko abentura itzuliko dela jakinarazi du: 2007an Wii kontsolan kaleratutako obra originalaren argitaletxea Nintendo izan bazen ere, garatzailea Arika estudioa da.
Shin Megami Tensei V-en behin betiko bertsioa azaldu zen atzo Hego Koreako adinkako sailkapen zerbitzuaren datubasean. Vengeance deitutako edizioa Directean ikus dezakegula diote zenbait zalek.
Nintendo Switcharen oinordekoa ere aipatu da sarean, noski, baina ez dirudi ikusiko dugunik. Azken filtrazioen arabera 2025eko lehen hiruhilekora atzeratu dute kontsolaren merkaturatzea, beraz 2024ko bigarren erditik aurrera iragartzea espero da.
Nintendo Direct Partner Showcasea 15:00etan hasiko da: 25 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute japoniarrek. Ohi bezala, N handiaren YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko da.
Iruzkinak