DigiPen Europe Bilbo zentroko ikasleek osatutako Hamahiru taldearen lana Steam-en aurkituko dugu. Dohainik eskuratu ahalko da.

Numbra maiatzaren 30ean kaleratuko du DigiPen Europe Bilbo ikastetxeak. Izaki misteriotsuz betetako mundu ilunera eramango gaituen abentura euskaraz argitaratuko da.

Zehazki, zentroko laugarren mailako ikasleek aurten sortutako bideojokoetako bat da Numbra: Hamahiru izeneko taldea osatu dute bost programatzailek eta zazpi artistek.

Puzzleak eta esplorazioa agindu dizkigute Hamahirukoek beldurrezko elementuak ere bilduko dituen abentura honentzat. Itxura batean, Numbra Limbo edo Inside bezalako klasikoetan oinarrituta dagoela pentsa daiteke.

Izan ere, linboan harrapatuta geratu den Lucy izeneko neska gidatu beharko dugu. Errealitatearen eta ametsen artean galduta, amesgaiztoetatik ihes egitea izango da gure helburua, biziraun nahi badugu, behintzat. Mundu iluneko ziklope beldurgarriak jarraituko gaitu, baina.

DigiPeneko ikasleen gainerako jokoekin gertatu bezala —Mirlo: Above the SunArclight BeatChrono Club edo Han’yo, batzuk aipatzearren—, euskarazko obra berria musutruk gehitu ahalko dugu: Steam plataforman estreinatuko da maiatzaren 30ean: desiratuen zerrendara gehitu dezakegu dagoeneko.