Digipen Europe Bilbao ikastetxeko bigarren mailako ikasleen lana dugu oraingoan. PC-an jokatu daiteke doan.

Euskaratutako bideojokoekin jarraitzen dugu beste aste batez. Hangover Studios-eko kideek girotze japoniarreko abentura aurkeztu dute: Han’yon samuraiak izango gara, gure familia mendekatzeko prest.

Hori da Hiroko protagonistaren helburu bakarra; izan ere, Oni deabruak bere herrixka suntsitu du, bertako bizilagun guztiak akatuz. Samuraiak zein deabruak garaitzea izango da beraz gure egitekoa. Horretarako, bi dimentsioko borroka zehatzak eta biziak proposatzen dituzte Hangoverrekoek: kontuz handiz ibili beharko gara jarrera desberdinen artean aldatzen defendatzeko, ondoren eraso egiteko unea kalkulatzeko.

Samuraien estilora, dueluak kolpe bakarrera erabakiko dira. Beraz, ez da batere erraza izango aurrera egitea: akatsek heriotza ekarriko digute.

Atal grafikoa nabarmentzekoa da, ikusi bezain laster arreta erakatzea lortzen baitu. Margolan japoniarretan murgilduko garela sentituko dugu Han’yorekin bere estetika ederrari eta liluragarriari esker.

Digipen Europe Bilbao ikastetxeko bigarren mailako ikasleek egindako titulua da: Eneko Garmendia, Markel Fernandez, Iñigo Ojinaga, Aitor Garmendia, Markel Sevilla eta Elgar Pagnussatt programatzaileek nahiz Leire Fernandez, Irune Aguirreazaldegui, Oihane Fernandez, June San Sebastian eta Estibaliz Gomez artistek osatzen dute Hangover Studios.

Bideojokora euskaraz jokatu ahal izateaz gain, guztiz doakoa dela ere nabarmendu beharra dago: ordenagailuan joka daiteke abentura motz zein ikusgarri honetara. Kasu honetan ez dute Steam plataformaren bidez kaleratu —oraindik, behintzat—; Digipenen webgunetik eskura dezakegu.

Azken asteotan hainbat izan dira ikasleek osatutako talde desberdinek argitaratutako bideojokoak. Horietatik asko, gainera, euskaraz zabaldu dituzte: Game Erauntsian ArruyoShadow Racer nahiz Arclight Beat jokoei buruz hitz egin dugu gure blogean. Aurreko urteetan ere antzeko kasuak ikusi ditugu: Mirlo: Above the SunForgotten JourneyQuest 4 Papa: Reloaded eta Astra gure hizkuntzan goza daitezke.

Euskaraz dauden bideojoko guztiak ezagutzeko eta aurkitzeko, Game Erauntsiaren zerrendatik pasa zaitezke.