D-Pad indie estudioak 2016an argitaratutako jokoak arte eder zein koloretsua, plataformak eta abenturak batzen ditu. PC-ko bertsiora joka daiteke euskaraz.

Urte nahasi hau ondo bukatzeko opari ederra ekarri digu Game Erauntsiako komunitateak ondo ezagutzen duen Ibai Oihanguren bideojokozaleak. Owlboy indie abentura zoragarria euskaratzeko lana burutu du: plataformak, abenturak eta puzzleak batzen dituen obra honetaz euskara hutsean goza daiteke ibaios.eus webgunearen bidez jaitsi daitezkeen fitxategiak erabilita.

Hori horrela, itzulpenak Owlboyen PCko bertsiorako soilik balio duela nabarmendu beharra dago; zale batek egindako itzulpen ez ofiziala izanik, jokoaren jatorrizko fitxategiak modifikatu beharra dago euskaratzeko.

Instalatzeko prozesua oso erraza da: exekutatzailea deskargatu eta bertan agertzen diren pausoak jarraitu baino ez dira egin behar. Bideo-jokoaren jatorrizko Windows-eko bertsioa erabil daiteke; hala ere, Oihangurenek nabarmentzen duenez Linux sistemetan funtzionatzen du baita, betiere Wine erabilita.

Owlboy 2007an hasi ziren garatzen D-Pad indie estudioko kideak. Ia hamar urte ondoren kaleratu zuten ofizialki: 2016an estreinatu zen PCan, eta ondoren PlayStation 4, Xbox One eta Switch kontsoletarako bertsioak prestatu zituzten.

Metroidvania kutsua hartzen du abenturak: gune desberdinak esploratu beharko dira, eta are gehiagotara iritsi ahalko da Otus hontz antropomorfiko protagonista abileziak eta bestelako laguntzak eskuratu ahala. Laguntza horiek abenturan aurkituko dituen adiskideen aldetik etorriko dira; izan ere, Otus hauek hartu eta batera ibiltzeko aukera edukiko du, puzzleak elkarrekin gainditzeko.

Atal estetikoa nabarmentzekoa da baita: pixelart ederrarekin, sprite bizi eta koloretsuak biltzen ditu D-Paden abenturak. Albisteko trailerrak ikusita argi geratzen da joko liluragarria dela hontzarena.

Owlboy Steam zein GOG saltoki digitalen bidez eros daiteke PCrako.

 

Zerrenda luze bateko azkena

Oihangurenek aurten euskaratu dituen zerrenda luzera gehitzen da Owlboy: aurretik Return of the Obra DinnHyper Light Drifter, Inside eta Oddworld New ‘N’ Tasty bikainak lokalizatu ditu bideojokozaleak. Hori, 2021era mugatzen bagara: Kopanito All-Stars Soccer nahiz Papers, please itzuli zituen baita ere; azkena, gainera, ofizialki jokatu daiteke euskaraz, Lucas Pope garatzaileak Oihangurenen itzulpena gehitu baitzuen bere joko saritura.

Guzti horiek eta askoz gehiago aurki daitezke Game Erauntsia etengabe eguneratzen ari den euskarazko bideo-jokoen zerrendan.