Eskema Games estudioaren titulua iaz estreinatu zen kontsoletan eta PC-an. Ostiralean banatu zituzten sariak Vigoko Unibertsitatean.

Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak burututako lehen ETIV-UVIGO Sariek 2021eko Euskarazko jokorik onena aukeratu dute: Game Erauntsia Elkarteak euskaratutako Space Revenge akziozko lanak eskuratu du saria.

Eskema Games estudio valentziarrak pasa den urtean kaleratu zuen bere azken obra; izan ere, 2021ean euskaraz kaleratutako edo itzulitako bideojokoak bakarrik hartu dira kontuan sarietan. Twin-stick erako tiro jokoa da Space Revenge: agintearen stick batekin mugitu eta bestearekin apuntatu egin beharko da, gainditu beharreko 40 bat maila aurkeztuta.

Game Erauntsiako kideek Eskemarekin elkarlana abiatu zuten jokoaren menuan euskara ofizialki hautatzeko aukera egon zedin. Lokalizazio lanetan elkarteko boluntarioek eta langileek zein Asier Gonzalez Casado euskal filologoak parte hartu zuten.

Modu horretara, Forgotten Journey eta Nuclear Corps tituluei gailendu zaie Space Revenge. Egitasmoko lehen fasea, ordea, askoz ere euskarazko bideojoko gehiago ikusi genituen: Everhood, Itadaki Smash, Magic Twins, Mirlo: Above the Sun, Nuclear Blaze, Pile Up! Box by box, Super Woden GP, Sword of the Necromancer, The Five Covens eta Waves Out! izan ziren azken fasetik kanpo geratu ziren bideojokoak.

Joan den ostiralean Vigoko Unibertsitatean elkartu ziren sarien arduradunak ekimenaren festa egiteko: bertan industriako profesionalak eta adituak nahiz ETIV-UVIGO itzulpengintza tituluko ikasleak eta kideak egon ziren sarien irabazleak iragarri eta garaikurrak banatzeko.

Euskarazko jokorik onenarekin batera beste sei kategorietako irabazleak saritu zituzten. Prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatutako epaimahaiak erabaki du zeintzuk diren kategoria bakoitzeko irabazleak:

  • Galizierazko jokorik onena: Ruin Raiders
  • Katalanezko jokorik onena: Sword of the Necromancer
  • Bikoiztutako jokoen lokalizaziorik onena: Ratchet & Clank: Rift Apart
  • Bikoiztu gabeko jokoen lokalizaziorik onena: Life is Strange: True Colors
  • Indie jokoen lokalizaziorik onena: Cyanide & Happiness Freakpocalypse
  • Joko irisgarriena: Forza Horizon 5

Hori horrela, bideojokoak profesionalki lokalizatzera diharduten pertsonen lana aintzatestea izan da ETIV-UVIGO Sarien helburu nagusia: “lokalizazio lana egiten duten pertsonei agerikotasuna eskaintzea, beren lana behar bezala balioesteko borrokan laguntzea eta komunitate historikoetako berezko hizkuntzei bultzada ematea” aipatzen dituzte antolatzaileek xedetzat.

Datorren urtean berriz errepikatzeko asmoarekin agertu dira ekimenaren antolatzaileak. 2022an dagoeneko euskaraz ofizialki kaleratutako edo itzulitako bideojoko bakarra dago momentuz: Game Erauntsiak euskaratutako Fobos; hala eta guztiz ere, One Last Breath zein Bad End Theater bezalako lanak estreinatuko dira laster gure hizkuntzan.

Sarietan parte hartzeko aukerarik gabe geldituko diren arren, ezin dira ahaztu komunitateak modu ez ofizialean lokalizatutako tituluak. Horiek guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan bildu ditugu.