Valve-k bere eskuko PC-aren argitaratze data ofiziala iragarri du azkenik; otsailaren 28an lehen kontsolak erosleen etxeetara iristea aurreikusten dute.
Hilabete baino gutxiago falta da Steamen eskuko gailu desiratua eskuratzeko. Horrela iragarri du Valvek: otsailaren 25ean erosi ahalko dute Steam Decka erreserba egin dutenek.
Nola ez, itxarote zerrendaren arabera eskuratu ahalko dute erabiltzaileek. Erosketa prozesua zehaztu dute Steamen webgunean: mezu elektroniko bidez jasoko dute abisua erreserba egin dutenek, otsailaren 25eko 19:00etatik aurrera. Argi azaldu dute Valvekoek: soilik erreserbatutako modeloa erosi ahalko da.
Erosleek 72 ordu izango dituzte erosketa baieztatzeko; ez badute egiten, itxarote zerrendan dagoen beste pertsona batek hartuko du honen lekua.
Otsailaren 28an hasiko dira lehen Steam Deckak banatzen. Une horretatik aurrera, astero ibiliko dira mezuak bidaltzen erreserba egin dutenei eskaera berriak egiteko.
Eskuko PCari “azken ukituak ematen dabiltzala” nabarmentzen dute arduradunek, baina lortutako emaitzarekin “pozik” azaldu dira.
Prentsa espezializatuari zuzendutako makinak ere aipatu dituzte, gainera: otsailaren 25etik aurrera kenduko dute enbargoa; hedabideek orduan argitaratu ahalko dituzte beren analisi eta iritziak.
Jatorriz pasa den urteko abenduan merkaturatzea espero zen, baina Steam Decka atzeratu egin zuten materialen eskasia eta geroratzeak argudiatuta. Azken egunotan, baina, gailuari buruzko hainbat berri irakurri ahal izan ditugu: besteak beste, Dynamic Cloud Sync ezaugarria eta Easy Anti-Cheat erabiltzen duten jokoentzako euskarria iragarri dituzte.
Iruzkinak