Game Erauntsia Elkarteak Pixelnest Studio-rekin bat egin du titulu saritua lokalizatzeko. Steam bidez joka daiteke euskaraz, oraingoz.

Euskaratutako bideojoko berria ekarri du Game Erauntsia Elkarteak. 2015ean estreinatutako Steredenn: Binary Stars shoot ‘em up zirraragarrian ofizialki gure ama hizkuntzan jokatzeko lokalizazioa burutu du euskal bideojokozaleen komunitateak.

2.6.0 eguneraketak dakartzan berritasunen artean aurkituko dugu itzulpena. Horrela, ez dugu aparteko fitxategirik edo mod-ik instalatu beharko euskaraz jokatu ahal izateko: jokoaren menu nagusian sartu, eta hizkuntzen artean gurea hauta dezakegu.

Euskaratzea Game Erauntsiak Pixelnest Studiorekin abiatutako elkarlanaren emaitza da: gure Louis Schnellbach elkarkideak Damien Mayance garatzaileari lokalizazioa proposatu, eta elkarteak sortzailearen laguntzarekin batera titulua itzultzeari ekin zion. Euskaratzearen lehenengo bertsioa bukatuta, Mirari Merino itzultzailea arduratu da zuzenketa lanak burutzeaz.

 

Klasikoak biziberrituz

R-Type edo Gradius bezalako shoot ‘em up mitikoen estetika eta jokagarritasun mekanikak hartzen dituen, baina aldi berean roguelike ezaugarriak gehitzera animatzen den bideojoko berezia da Steredenn.

Partida bakoitzean ibilbideari hasieratik ekingo diogu. Espazio ontzia aukeratu, eta arerioen armadan barneratuko gara hauen buruzagiak suntsitzeko helburuarekin. Jokagarritasun bizkorra eta latza proposatzen ditu: dozenaka tiro saihesten ariko gara uneoro, bidean ahalik eta etsai gehien tirokatuz.

Bost ontzietako bakoitzak berezko ezaugarriak eta estatistikak dauzka, baita mugimendu bereziak ere. Erauntsiak, adibidez, ezpata hilgarria erabil dezake; Sumin ontziak, bestalde, teleportatze erabilgarriaz balia daiteke.

Zorionez, bidean aurkituko ditugun armek eta abileziek xedea erraztuko digute. Bala, energia, bot eta bestelako kategoriak edukiko dituzte, indargune nahiz ahulgune desberdinekin. Hauek modu aproposean erabiltzea nahitaezkoa da abenturaren bukaerara iritsi nahi badugu; izan ere, buruzagi gogorren aurka egin beharko dugu maila bakoitzaren bukaeran.

2.6.0 eguneratzeak euskaratzea baino gauza gehiago dakartza. Amaiera berezia gehitu du Mayancek, baita modalitate “erraza” ere: bizi gehiago, tiro geldoagoak edo etsai nagusi errazagoak aktibatzen ditu, beste hainbat aldaketen artean. Horrela, Steredenn edozein jokalarik gozatzeko moduko jokoa izatea bilatu du. Bukatzeko, zenbait oreka aldaketa eta zuzenketa ere inplementatu ditu garatzaileak.

Iaz argitaratutako analisian “joko txiki bezain gogoangarria” dela aipatu genuen Game Erauntsian:

Bideojokozale trebeenei zuzendutako joko honek akzio ikusgarria eskaintzen du, ez dago besterik: Arkade aretoetan sartzerakoan txanponak halako jokoetan uzten bazenituen, merezi du Pixelnesten jokoari heltzeak.

Steredenn: Binary Starsen PCko bertsioan joka dezakegu euskaraz; hala ere, etorkizunean Switch eta iOS bertsioak eguneratzea da helburua.

 

Pixelnesten tituluak euskaratzen

Steredenn ez da Game Erauntsiak lokalizatutako Pixelnesten lehen lana. Izan ere, apirilean Flipon puzzle abenturaren euskaratzea iragarri genuen: Panel de Pon estiloko jokoan ere gure hizkuntza joka daiteke PC, Switch, Android zein iOS plataformetan.

Mayanceren bi jokoak zein gainerako euskarazko titulu guztiak gure euskarazko bidejokoen zerrendan aurki daitezke.