SNES kontsolako plataforma joko maitatuaren lokalizazioa komunitateak sortutako tresna desberdinak erabiliz burutu da.

Game Erauntsia Elkarteak bideojokoetako klasikorik ezagunenetakoa zein maitatuena euskarara itzuli du: Super Mario World. Gaurtik aurrera Nintendo-k 1990. urtean SNES kontsolan —1992an Europan— merkaturatutako titulua hasieratik bukaerara arte gure hizkuntzan joka dezakegu.

Ez dago bideojokoa aurkeztu beharrik: Super Mario Bros. sagaren jarraipena dugu World. Are gehiago, Japonian Super Mario Bros. 4 azpitituluarekin kaleratu zen, nahiz eta hemendik hori ezabatzea erabaki zen.

SNESarekin batera estreinatu zen lehen abentura da Mariorena. Aurreko atalen oinarrizko mekanikak zein ideiak hartu, eta hauek hurrengo mailara eraman zituen, sagako jokorik gogoenetakoan bilakatu. Hori dela eta, Shigeru Miyamoto sortzailearen Super Mario kutunena da.

 

Itzultzeko jarraitu beharreko pausoak

Euskaratzeko pausoak sinpleak eta errazak dira. Nola ez, Super Mario World-en ROM fitxategia beharko dugu: kasu honetan, USA bertsioa da eraldatuko duguna. Hori lortuta Lunar IPS programa nahiz itzulpenaren fitxategia deskargatu beharko ditugu adabakia inplementatzeko.

Hortaz, goazen pauso guztiak zerrendatzera:

  1. Super Mario World (USA) ROM fitxategia lortu.
  2. Lunar IPS eta euskaratze fitxategiak jaitsi hemendik.
  3. Lunar IPS ireki, eta “Apply IPS Patch” sakatu.
  4. ROMa eta euskaratze fitxategia aukeratu.
  5. Eginda, jatorrizko ROMa eraldatuta dago.

Hau guztia eginda, SNESen emulatzaileen bidez joka dezakegu euskaratutako bertsioan. Programarik aproposena aurkitu nahi baduzu, gure emulatzaileen erreportaje berezia irakur dezakezu.

Printzipioz SNES kontsola originaletan erabiltzea ere posible izan beharko litzateke, baina ez dugu probatzeko aukerarik eduki.

 

Mugak eta oztopoak: lokalizazio prozesua

Lokalizazio lanarekin Super Mario Worlden ia % 100 euskaratzea lortu dut; zoritxarrez, hainbat elementu txiki itzuli gabe geratu dira. Adibidez, pantailan uneoro azaltzen den “Time”, edo bukaerako “Thank You” mezua. Testurak izanik ez da harritzekoa, baina bereziki amorratzen nauena partida gordetzeko azaltzen den mezua da: ez dut hori aldatzeko biderik aurkitu.

Gure hizkuntzara itzulitako zenbait testu eta mezu pixkat arraro daudela pentsa dezakezu, baita. ROMaren mugekin eta baldintzekin jokatu behar izan dut kasu askotan: Game Over mezua euskaratzerakoan, adibidez, erdiko hutsunea errespetatu behar nuen, eta joko barruan zeuden hizkietara mugatu.

Euskaratzeko prozesua ez da batere erraza izan, eta, egia esan, ROM fitxategiak behar bezala funtzionatzea mirari hutsa da. Izan ere, lokalizazioa burutzeko Super Mario Worlden zaleen komunitateak prestatutako dozena erdi tresna erabili ditut. Lagunik handiena Lunar Magic zoragarria izan dut, baina testu oso zehatzak aldatzeko baliabide bereziak ere bilatzen ibili naiz.

Hala eta guztiz ere, ziur itzulpena hobetzeko nahiz falta diren elementuak euskaratzeko bideak daudela. Ideiarik edo proposamenik baduzue, asko eskertuko nizueke; gauza bera, noski, edozein arazo edo akats aurkituz gero.

 

Iturginaren jokoak euskaraz eskaintzen!

Super Mario World Nintendoko iturginaren azken euskaratutako bideojokoa da, baina ez lehena. Aurretik Super Mario Bros. 1 eta 2Super Mario 64 nahiz Mario Kart Wii zein 8 Deluxe itzuli ditugu, bai Game Erauntsiak, bai euskal komunitateak.

Aipatutako guztiak eta askoz gehiago gure euskarazko bideojokoen zerrendan bilduta daude!