Ikusteko asko falta dela adierazi du Phil Spencer-ek. Xbox Game Studios-eko jokoak PlayStation-era eramateko prest agertu da.

Kontsola eramangarria merkaturatzea da Xboxen etorkizuneko helburuetako bat. Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak Bloomberg agerkariari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, “gailu eramangarria prestatzen dabiltza”.

Eskuko Xbox kontsola ikusteko asko itxaron beharko dugu, zoritxarrez. “Urteak”, Spencerren arabera, oraindik prototipoak sortzen eta probatzen baitabiltza. Halere, “gugandik espero dena halako zerbait egitea” dela dio arduradun nagusiak.

Hardwarea sortzea “epe luzerako lana” dela aldarrikatzen du Spencerrek: “Gure taldeak sekulako gailu berritzaileak egin ditzake, baina une honetan gertatzen ari denari buruz jakin nahi dugu, ikasteko”. Epe laburrean, bestalde, “Xboxen aplikazio ofiziala hobetzen” jarraituko dutela dio, “egungo bideojokoen gailu eramangarrietan hobeto funtziona dezan”.

Azken finean, eramangarrien merkatuak ikaragarrizko eztanda jasan du. 2017an estreinatutako Nintendo Switch hibridoa da adibiderik argiena, 146 milioi kontsola baino gehiago salduta. Xboxi zuzenago eragin dio, agian, eskuko PCen igoerak: Steam Deck, Asus ROG Ally, Lenovo GO handiek edo GPD Win bezalako gailu txinatarrek Xboxekoen jokoak mugitzeko balio dute edonon.

PlayStationekoek ere euren alternatiba kaleratu dute, baina PSP edo PS Vita gailuen ideiatik urrunduta: PlayStation Portal eskuko hardwarearekin PS5eko jokoak streaming bidez joka daitezke. Ideia mugatua dirudi, baina arrakasta esperotakoa baino handiagoa izan da.

Horren inguruan galdetu diote Spencerri, eta argi erantzun du: “Bideojokoak gailuan jokatzea benetan garrantzitsua dela uste dut”. Beraz, prestatzen dabiltzana natiboki jokoak mugitzeko gai izango dela suposa dezakegu.

Elkarrizketa, baina, bideojokoei zuzendutakoa izan zen, eta Spencerrek horiei buruz ere hitz egin zuen Jason Schreier kazetariarekin… batez ere, PlayStationera begira jarrita.

Izan ere, Xboxek erabateko jauzi multiplataforma eman du aurten: Xbox Game Studiosko taldeek garatutako hainbat obra esklusibo PlayStation edo Switch kontsoletara iritsi dira —Sea of Thieves, Hi-Fi Rush, Pentiment eta Grounded—, zaleen artean ezinegona eraginda.

Arduradun nagusiak zalantza gehienak deuseztatu ditu: “Ez dago lerro gorririk”. Mezua nahiko argia dela dirudi, Xboxeko edozein joko irits daiteke PlayStationera.

 

“Xbox inoiz baino hobeto”, ekonomikoki

Industriaren eta Xboxen egoerari buruz galdetzerakoan, erantzuna Xbox inoiz baino hobeto aurkitzen dela izan da… ekonomikoki, behintzat.

Adierazpen polemikoak langileek pasa duten urte gogorraren ostean: 800 langile baino gehiago kaleratu ditu aurten Xboxek. Bidean, gainera, hainbat estudio itxi edo saldu dituzte: Arkane Austin, Alpha Dog zein Roundhouse Games desagertu dira. Tango Gameworks japoniarra, azkenik, Krafton argitaletxeak bereganatu du.

Hortaz, horren egoera onean badaude, kanporatzeak bukatutzat jotzen dituztela pentsa dezakegu. Eta, bestela, denborak esango du.