Adinkako sailkapenak

Ehundaka bideojoko argitaratzen dira hilero. Dagoeneko kaleratu direnek eguneraketa handiak jasotzen dituzte, eduki berriak eta harrigarriak inplementatuz. Ezinezkoa da, beraz, guztiak jarraitzea, eskaintzen dutena zehatz-mehatz ezagutzea.

Zorionez, joko bakoitzak biltzen dituen eduki motak zer nolakoak diren ezagutzeko laguntzak ditugu.

 

PEGI sailkapena

PEGI (Pan European Game Information) adinkako sailkapena da, zalantzarik gabe, bideojokoetan aurkituko ditugun edukiak ezagutzeko tresnarik hedatuena: Europar Batasunean merkaturatutako joko orok adierazi behar ditu sistemaren datuak. 2003. urtean abiatutako proiektuak joko bakoitza zein adinetara zuzenduta dagoen adierazten du, hauen zailtasunean sakondu gabe; hau da, tituluan lantzen diren eduki motak hartzen dituzte kontuan.

Horretarako ikur sorta berezia erabiltzen du PEGI sistemak. Alde batetik, gomendatutako adina adierazten duten ikurrak daude: bideojokoa hiru, zazpi, hamabi, hamasei edo hemezortzi urtetik gorakoentzat aproposa dela zehazten duen irudia, alegia.

 

Bestetik, jokoak lantzen dituen gaiak edo bertan agertzen diren eduki motak adierazten dituzten ikurrak ditugu: beldurra, sexua, biolentzia, biraoak, drogak…

Are gehiago, bideojokoak barne erosketak edo mikrotrantsakzioak eskaintzen dituen ere azaltzen du PEGIk; azken urteotan gurasoen artean nabarmen zabaldu den zalantza.

Adinkako gomendioak egozteko edukiak kontuan hartzen dira. Joko batek 3+ izendapena jasotzeko, alegia, ezin ditu haurrak beldur ditzaketen irudirik edo bestelakorik erabili, ezta biraorik ere. Halere, biolentzia testuinguru komikoan erabiltzen bada, haur txikienantzako apropostzat izenda daiteke. 12+ jokoetan, bestalde, sexu edo apustu gaiak azal daitezke, baina ezin da indarkeria errealistarik agertu.

Kalifikazioa ezartzeko, noski, bideojokoa probatzeari ekiten diote hau argitaratu aurretik: garatzaileak adierazitako behin-behineko adinkako sailkapenetik abiatuz, erakunde desberdinak arduratzen dira edukiak aztertzeaz.

 

Non aurki ditzaket PEGI ikurrak?

Erremintarik hedatuena dela adierazi dugu; izan ere, edonon aurkituko ditugu PEGIren ikurrak —EBan argitaratutako jokoetan, behintzat—. Bideojokoen kaxetako azaletan ikusiko ditugu, eta, bertsio digitalak erosiz gero, saltoki birtualetako fitxetan informazio guztia azalduko zaigu: Nintendo-ren eShop dendan, PlayStationen Store-an edo ordenagailurako Steam plataforman, joko bat erosi aurretik adinkako sailkapena ikusteko aukera daukagu lehen adierazitako ikurren bidez.

 

Halere, zenbait erabiltzailek jokoen kodeak kanpoko saltokien bidez eskuratzen dituzte —gero horiek kontsoletan nahiz PCan erabiltzeko—. Hainbat kasutan denda digital horiek PEGI sistema erabiltzen dute, baina ez da guztiekin gertatzen, batez ere EB kanpoko saltokiekin.

Zer egin? PEGIk webgune ofiziala dauka, eta bertan aurkituko dugun bilatzailearekin erosi nahi dugun bideojoko horri buruzko informazio guztia irakur dezakegu, informazio osagarri benetan interesgarriarekin batera.

Europar Batasunetik kanpo antzeko adinkako sailkapenak aurki ditzakegu. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, Entertainment Software Rating Board (ESRB ) sistema dugu: trailer estatubatuarretan “E for Everyone” edo “M for Mature” ezagun horiena, bai. Japoniako adibidea ere ezaguna da: CERO sailkapena.

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak