Bideojokoak era arduratsuan erabiltzeko kontratuak

Familiek bideojokoen erabileraren inguruan dituzten erronkei buruz hitz egin genuen gure gidaren bigarren atalean. Zein adinetik aurrera komeni den jokoak probatzen hastea, partidek zenbateko iraupena eduki beharko luketen, nola jokatzea den aproposena...

Dena den, bide egokiena ez da zertan araudi zurrunarena izan behar. Gurasoek arau batzuk ezartzea komeni da, noski, baina, agian, seme-alabekin adostasun batera iristea eta beraiekin akordio bat hitzartzea are baliotsuagoa izan daiteke.

Hori bideratzeko geroz eta ohikoagoak dira gurasoen eta haurren arteko kontratuak; alegia, familiaren artean erabakitako idatzizko neurri eta arau sorta. Zertarako balio du honek? Bideojokoen, kontsolen edo gailuen erabilera adosteko, baina ez horretarako bakarrik.

 

Adostasuna

Gurasoen aldetik, zelan ez, ezinbesteko neurriak egongo dira: bideojokoetan astean X orduko epemuga ezartzea, edo, bestela, etxeko lanak bukatu osterako mugatzea, esaterako. Baina haurrek ez dituzte zertan gure eskakizun guztiak onartu... edo, zergatik ez, berenak proposa ditzakete; esate baterako, eurei horrenbeste interesatzen gaiari buruz gurasoekin hitz egitea.

Bestelako alor batzuk ere hitzeman daitezke, noski. Bideojokoen kontsumoaren zein toxikotasunaren inguruko kezka nagusiak azaleratzeko eta idatziz jartzeko aukera da; horrela, bideojokoak baino gauza gehiago daudela, lagunak etxera datozenean jarraitu beharreko arauak, edo, online partida batean galtzerakoan, ez haserretzea eta modu baikorrean hartzea azpimarra ditzakegu guztion artean.

Horiek bete gabe geratuz gero egongo diren ondorioak hitzartzea da beste aukeretako bat. Zigorrak guztien artean adostuta, pisu handiagoa edukiko dute, gurasoek bakarrik ezarritako ondorioak izan beharrean.

Laburbilduz, akordio batera iristea garrantzitsua da bi aldeentzat. Gurasoei seme-alaben munduari buruz ikasteko balio die; umeei, bestalde, arau orokorrak gogotsuago betetzea dakarkie, eurak ere hitzarmenaren gakoetako prozesuan murgilduta egongo baitira. Bukatzeko, hartu eman bat egongo da.

Gidaren atal honen ideia Game Erauntsiaren jarraitzaileetako batek eman digu. Ez hori bakarrik: euskaratutako kontratu bat ere bidali digu, adibide moduan erabiltzeko. Kontratua bere horretan erabili dezakezue, nola ez, baina, esan bezala, are baliogarriagoa izango da arauak seme-alabekin adosten badituzue, etxeko kontratua prestatzeko.

Hemendik jaitsi dezakezue.

 

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak
  9. Bideojokoak era arduratsuan erabiltzeko kontratuak