Gurasoek bideojokoetan aurki ditzaketen erronkarik handienak seme-alabekin ordutegiak eta jokoak zehaztea izan daiteke.
Zenbat iraun behar du partida bakoitzak? Noiz jokatu behar dute? Non ezarri behar dira mugak? Zeintzuk dira joko egokiak?
Umeekin adostasunera iristea ez da erraza, bideojoko bakoitzak bere berezitasunak baititu, partiden iraupena aldatuz. Jokalarien adinak ere, nola ez, berebiziko garrantzia dauka hautu hori egiterakoan.
Bideojokoekin hasteko gutxieneko adina argi eta garbi ezartzen dute adituek: 0-3 urte bitartean dituzten umeak ez lirateke pantailen aurrean egon beharko.
Hortik aurrera, kontuz eta adi ibiltzea komeni da: nahiz eta adinkako sailkapenak hiru urtetik aurrera hasten diren —gero sakonduko dugu horretan—, bideojokoetan barneratzen hasteko unerik komenigarriena 7-8 urtetik aurrera da.
Jokatzen hasita, zenbat denbora eman behar dute gure seme-alabek pantailaren aurrean? Gutxinaka hastea da aproposena: 10-15 minutuko iraupena duten partidekin, adibidez. Haurrek urteak bete ahala, saioak luza ditzakegu. 11 urterekin, esaterako, gehienez ordubeteko partidak gomendatzen dituzte adituek.
12 urtetik aurrera, baina, etxeko txikiak teknologia berrien munduan murgilduko dira bete-betean: ikasgelan zein etxean ordenagailuak eta mugikorrak erabiltzen hasiko dira, pantailen aurrean igarotzen duten denbora biderkatuz.
Bideojokoekin eman dezaketen denbora kudeatzea zailagoa izan daiteke, horren arabera. Bideojokozaleenak direnek, gainera, partida luzeagoak eskatuko dizkigute; ez hori bakarrik, online jokatzen hasiko dira, lagunekin nahiz ezezagunekin, taldeak sortuta Discord bezalako plataformetan edo kontsoletako zerbitzuek eskaintzen dituzten txatetan.
Titulu desberdinen premisa eta proposamena desberdina izanik, ez dago zenbaki magikorik saioen iraupen zurruna ezartzeko.
Fortnite bezalako Battle Royale estiloko bideojokoetan, partida batek segundo zein minutu gutxi batzuk iraun ditzake... edo ordu erdi inguru. Jokalarien arabera saioek iraupen oso desberdina eduki dezakete, oso azkar bukatuz, edo ia amaiezinak izanez.
Rocket League-n kontrakoa gertatzen da: partidek aurretik ezarritako iraupena dute. Dena den, partida bakarrera, hirutara, bostera... joka daiteke, edo, zuzenean txapelketa luzeetan parte hartu.
Minecraft-en, berriz? Ez dago mugarik: mundu irekiko partida amaigabeak dira nagusi jokorik salduenean.
Egokiena, beraz, umeek jokatzen dituzten tituluak ezagutzen saiatzea da, eta, hori eginda, bakoitzaren inguruan mugak eta orduak adostea.
Hori bai, saioak gehienez ordubetekoak izatea aholkatzen da: epe hori gaindituta, gutxienez 15 minutuko atsedenaldia hartzea gomendatzen da. Luzeagoa izanez gero, hobe.
Gidako hurrengo ataletan haurren artean arrakastatsuenak diren jokoak ezagutuko ditugu, gure gomendio batzuk eskaintzearekin batera.
Bukatzeko, nahiz eta iraupena adostu, jokatzeko ordutegiak ezartzea gomendatzen dugu; alegia, etxeko lanak bukatzerakoan baino, ordutegi zehatz baten barruan soilik jokatu ahal izatea. Asteburuetan soilik izatea ere aproposa izan daiteke, eskola egunetan bideojokoak guztiz alboratuz. Epeok haurrekin batera adosten eta kudeatzen badira, are hobeto.
Ordutegiak kudeatzeko gidako beste atal bat zuon interesekoa izan daiteke: gurasoentzako kontrol tresnek partiden iraupenak zein ordutegiak ezartzeko aukera eskaintzen digute, besteak beste.
Jokatzerakoan ohitura eta egoera osasuntsuak ezartzea da, amaitzeko, modu egokienean aritzeko gomendioa.
Ergonomia, distantziak, partekatzen ikastea, zalantzak argitzea... Gurasoen esku egongo da hauek hasiera batetik zehaztea, baita betetzen direla bermatzea ere.
Arlo honetan ere ez dago urrezko araurik edo neurririk: pantailaren tamainaren —eta bereizmenaren— arabera distantzia desberdinetara kokatzea komeniko da, betiere, jesarleku eroso eta ergonomikoan.
Aginteekin zein teklatuarekin eta saguarekin hainbat orduz jarraian ibiltzea ere ez da aproposa, zenbait osasun arazo eragin baititzakete; ondo argiztatutako gelan jokatzea gomendatzen da, begiei ahalik eta lan gutxien emateko; sarean aritzerakoan, joko bakoitzak dituen ezaugarriak aztertzea komeni da, ausazko elementuen erosketak, ziberjazarpena eta bestelakoak jazotzen baitira bideojokoen munduan.
Kontuan hartzeko dozena bat elementu ditugu esku artean, baina lasai: bideojokoei lotutako alor desberdinak kudeatzen ikasteko eta laguntzeko tresnak ezagutuko ditugu jarraian.
Gurasoentzako gida:
- Egungo bideojoko plataforma nagusiak
- Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
- Adinkako sailkapenak
- Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
- Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
- Txikientzako bideojoko gomendagarriak
- Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
- Bestelako zerbitzuak eta aholkuak