Egungo bideojoko plataforma nagusiak

Bideojokoen plataformak ezagutzea eta aztertzea izango da atal honen eginkizuna.

Gurasoentzat ez ezik, unibertso hau jarraitzen dutenentzat ere zaila izan daiteke gaur egun kaleratzen diren plataforma, gailu eta zerbitzu guztiak jarraitzea. Denetariko kontsolak daude gaur egun, eta hauei lotutako zerbitzuak edo harpidetzak etengabe eguneratzen nahiz aldatzen dabiltza.

Ez dago plataforma perfekturik: bakoitzak bere indarguneak eta ahulguneak dauzka, eta guretzat edo gure seme-alabentzat aproposena bilatu beharko dugu. Horretan laguntzeko, plataforma, edo, hobe esanda, marka nagusiak zerrendatuko ditugu, bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuekin zein jokoekin.

 

Nintendo

Nintendo enpresa japoniarra 1889. urtean sortu bazen ere, ez zen bideojokoetan barneratu 1970era arte. Lehen Nintendo kontsola nagusia, NES edo Famicom, 1983an merkaturatu zuten; horren ondorengoak dira gure etxeetara sartzea lortu duten Game Boy, SNES, Nintendo DS, Nintendo Wii edo Nintendo Switch gailuak.

Familia osoari zuzendutako kontsolak zein bideojokoak egiten dituzte. Bideojokozaleak izan edo ez, aski ezagunak dira Super Mario, Pokémon, Zelda edo Kirby.

Gaur egun, ordea, gainerako plataformekin gertatu modura, denetariko publikoa erakarri gura dute. Hurrentzat, gazteentzat zein helduentzat zuzendutako tituluak aurkituko ditugunez, ezer erosi aurretik garrantzitsua da joko bakoitzaren PEGI adinkako sailkapena aztertzea; hori dela-eta, hurrengo artikuluetan sakonduko dugu PEGIan.

 

PlayStation

Sony erraldoiaren barruan kokatzen den Sony Interactive Entertainment sailak gidatzen duen PlayStation marka da, Nintendorekin batera, Euskal Herriko gazteenen artean arrakastatsuena. 1995. urtean kaleratu zuten PlayStation originala, bideojokoen iraultza abiatuta.

Marka 'helduagoa' dela esan daiteke: PlayStationek garatutako bideojoko gehienak publiko nagusiagoarengana bideratuta daude. Hala eta guztiz ere, adin guztietako jokalarientzako tituluak aurkituko ditugu bere kontsoletan.

 

Xbox

Guztiok ezagutzen dugu Microsoft: Xbox bere bideojokoen saila da. 2001ean kaleratu zuten Xbox kontsola originala, eta gaur egun gailuak zein bideojokoak sortzen dituzte.

PlayStationen parean koka daitekeen marka dugu: hirugarren estudioek edo garatzaileek ekoiztutako bideojoko gehienak partekatzen dituzte, eta bien kontsolak antzeko gaitasunak eduki dituzte belaunaldi bakoitzean.

Laburbilduz, publiko helduagoa ardatz dauka, baina adin guztietarako jokoak aurkituko ditugu Xboxen.

 

PC

Ordenagailuak bideojokozaleen gailu nagusienetakoak dira gaur egun: hiru marka nagusietako kontsolen ia erabiltzaile kopuru bera dituzte. Sistema eragile desberdinetan instala eta joka dezakegu bideojokoetan, bakoitza bere berezitasunekin.

Sistema konplexuena da, batez ere hasiberriarentzat: ezingo duzu zuzenean konektatu eta jokatu, gainerako plataformekin gertatzen den modura... edo bai, bereziki jokatzeko sortuta dauden Steam Deck, Asus ROG Ally edo Lenovo Legion GO bezalako kontsola itxurako ordenagailuekin.

Zorionez, egungo PCko plataforma eta saltoki nagusiek era guztietako erraztasunak eskaintzen dizkigute jokatzerako orduan. Steam plataformak, adibidez, aginteentzako euskarria edo jokatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak aurkezten dizkigu automatikoki.

Ordenagailuek ez daukate jaberik, eta sistema irekiak dira, orokorrean; hori dela-eta, denetariko jokoak aurkituko ditugu PCan, bai ofizialak, bai zaleek sortutakoak. Doako bideojokoen plataforma nagusietako bat da, baita, baina gurasoak adi ibili beharko dira hauetan aurki daitezkeen ordainpeko edukiekin.

Bideojoko gehienak Windows sistema eragilerako dira; hala ere, badaude GNU/Linux eta MacOS sistemek natiboki mugitzen dituztenak ere. Jokoen saltoki edo plataforma ugari daude: gehienak Steam-en aurkituko ditugu, baina GOG edo itch.io zerbitzuek ere eskaintza interesgarriak dituzte.

 

Android

Android sistema eragilea nazioarteko marka nagusietako gailu mugikor gehienetan aurkituko dugu, baita telebistetan ere, Android TV sistemarekin: Samsung, Xiaomi edo Sony markek erabiltzen dute, besteak beste.

Sistema irekia dugu, berriz, baina zerbitzu ezagunenak Google erraldoiak kudeatzen ditu. Bideojokoak, beraz, Play Store saltokitik jaitsi ditzakegu, baita beste hainbat webgunetatik edo zerbitzutatik lortu ere: Netflix-ek edo Youtube-k bideojokoak eskaintzen dituzte euren aplikazioetan, adibidez.

Androiden ere denetariko jokoak ditugu, beraz, doakoak zein ordainpekoak, iragarkiekin nahiz mikroordainketekin.

 

iOS

Iphone edo Ipad gailuek erabiltzen duten iOS sistema eragilean ere bideojokoetan ibil gaitezke. Apple-k sortutako plataforma itxia dugu; beraz, orokorrean, euren App Store plataformatik igarotzen diren aplikazioak eta jokoak baino ezingo ditugu erabili.

Kasu honetan, berriz, doakoak diren, baina aplikazio barnean ordainketak dituzten aplikazioak aurkituko ditugu. Apple Arcade izeneko harpidetza ere nabarmendu beharra dago: zerbitzuak hainbat bideojoko eskaintzen ditu, baita esklusibo bereziak ere.

Gurasoentzako gida:

  1. Egungo bideojoko plataforma nagusiak
  2. Erronkak: noiz, zenbat eta nola?
  3. Adinkako sailkapenak
  4. Gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala
  5. Bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean
  6. Txikientzako bideojoko gomendagarriak
  7. Streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak
  8. Bestelako zerbitzuak eta aholkuak