DigiPen Europe Bilbao ikastetxeko Accurate Games ikasle taldeak sortutako doako bideojokoa da. Steam-en aurki dezakegu.
Denboratxoa daramagu euskarazko bideojoko berririk jaso gabe. Zorionez, hori aldatu egin da: Cat-aclysm bereziak ikuspegi isometrikodun borrokak eta puzzleak aurkeztu dizkigu gure hizkuntzan.
Vexa protagonistarekin helburu bakarra bete beharko dugu: gure katu Catuccino berreskuratzea. Ez da horren erraza izango, baina; animaliatxoak etxetik ihes egin, eta… iraultza hasi du hiria konkistatzeko. Roboten aurka borrokatzen dugun bitartean bide berriak zabaltzen joan beharko gara lortzen ditugun tresnekin batera.
Modu horretara, twin stick tiro jokoen kutsua hartzen du Cat-aclysmek. Tiro gehiegi jaurtitzerakoan berotzen den pistolaz gain ezpata, gantxoa eta diskoa izango ditugu eskura: hauekin zein erasoak saihesteko aproposa den bulkadarekin dozenaka arerio akatu beharko ditugu hirian zehar.
Horrez gain, bildumarako kaseteak sakabanatuta aurkituko ditugu; hauek batuta Catuccino zitalaren testuingurua ezagutuko dugu.
Laura Romero, Anne Gartzia, Oihane Diaz, Mikel Lopez, Naia Gabilondo eta Iñaki Ugarte artistek nahiz David Miranda, Jaime Betolaza, Alex Demirci eta Marta Gartzia programatzaileek osatutako Accurate Games taldeak eratu du Cat-aclysm.
Ohi bezala, ikasleek egindako bideojokoa izanda DigiPenek doan kaleratu du: PC-an soilik joka daiteke, eta Steam saltokian aurkituko dugu.
Doako jokoak, gure hizkuntzan
Cat-aclysm DigiPeneko ikasleek gure mintzairan kaleratutako azken titulua bada ere, hainbat bideojoko ikusi ditugu euskaraz euren eskutik.
Game Erauntsiatik hauen jarraipena egiten, eta, modu horretara, ezagutzera ematen saiatzen gara. Iaz, esaterako, Avani, Veggie Menace, Arclight Beat, Han’yo, Arruyo edo Shadow Racer gure euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu genituen. Jakin dugunez, laster gehiago ikusiko ditugu!
Iruzkinak