Botoa emateko epea ireki dute; urtarrilaren 19an itxiko da. Euskaratutakoez gain, katalanezko eta galizierazko lokalizaziorik onenak hautatu daitezke.

Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak ETIV-UVIGO Sarien lehen edizioa abiarazi dute. Bideo-jokoen lokalizaziorik onenak saritzeko helburua du ekimenak: horien artean daude euskarazko jokoak. Zehazki, 2021ean kaleratutako edo itzulitako obrak dira ekintza honek nabarmendu nahi dituenak.

EMAN ZURE BOTOA HEMEN

Bideo-jokoak profesionalki lokalizatzera diharduten pertsonen lana aintzatestea bilatzen da modu horretara. “Gaur egun lan egiteko aukera asko dituen merkatu bihurtu den eremu garrantzitsua” dela aldarrikatzen dute antolatzaileek, baina aldi berean “lokalizazioaren eremua ezezagunenetako bat izan ohi dela” azpimarratzen dute, “jatorrizko produktua xede hizkuntzetara behar bezala egokitzeak garrantzi handia duen arren”.

Hori horrela, sarien helburua “ez da soilik urteko ekoizpen onenak aintzat hartzea”, antolatzaileek nabarmentzen dutenez: “lokalizazio lana egiten duten pertsonei agerikotasuna eskaintzea, beren lana behar bezala balioesteko borrokan laguntzea eta komunitate historikoetako berezko hizkuntzei bultzada ematea” da ekimenaren xede nagusia.

Sarituak hautatzea, hasiera batean behintzat, bideojokozaleen esku geratuko da. Ekimenaren lehen faserako webgune berezia martxan jarri dute; bertan erabiltzaileek botoa eman dezakete. Horretarako epea ireki dute jada: urtarrilaren 19ra arte dute erabiltzaileek beren faboritoak bozkatzeko.

Sariak lokalizazio prozesuan parte hartzen duten kide guztien lana aintzat hartuko du: itzulpenean, berrikuspenean eta kalitate kontrolean nahiz proiektuaren kudeaketa lanetan aritzen direnen lana, hain zuzen ere.

Antolatzaileek araudian zehazten dutenez, 2021ean publiko egindako itzulpenak soilik aukeratu daitezke: 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte lokalizazioak bozkatzeko aukera dago. Garatzaileek zein zaleek euskaratutako lanak hauta ditzakete erabiltzaileek; hala ere, nahitaezkoa da proposatutako jokoak lokalizazio taldeko kide guztiekin behar bezala akreditatuta egotea.

Hau da, itzulpen lana kontuan hartzen ez duten jokoak nahiz euskaratze ez ofiziala dutenak sarietatik kanpo geratuko dira. Horrela izanik, proposa daitezkeen hautagaien zerrenda honakoa litzateke:

Zoritxarrez, hainbat dira 2021ean zaleek euskaratu baina proposatu ezin diren jokoak. Izan ere, euskal bideojokozaleen komunitateko kide askok beren aisialdian gustoko obrak itzuli, eta ondoren hauetara euskaraz gozatzeko fitxategiak eskaintzen dituzte; batzuetan garatzaileen arreta erakartzea eta lokalizazioa jokoetara ofizialki gehitzea lortzen duten arren, ez da ohikoena izaten, eta ez dute egindako lanaren aitorpenik jasotzen.

Game Erauntsiatik iaz euskaratutako bideo-joko guztien bideoa prestatu dugu, garatzaileek zein komunitateak egindako lana ezagutzera emateko:

 

Hizkuntza gutxituetako lokalizazio lanak goraipatuz

Euskarazko jokorik onena, baina, ETIV-UVIGO Sarien kategorietako bat baino ez da: guztira zazpi kategoriatan banatu dute ekimena. Euskaratutako obrez gain Katalanezko jokorik onena, Galizierazko jokorik onena, Bikoiztutako jokoen lokalizaziorik onena, Bikoiztu gabeko jokoen lokalizaziorik onena, Indie jokoen lokalizaziorik onena eta Joko irisgarriena hautatuko dituzte.

Urtarrilaren 19an bozka emateko epea ixterakoan, bigarren faseari ekingo zaio. ETIV-eko (Especialista en Traducción para la Industria del Videojuego) ikasleek osatutako epaimahaiak hainbat kategoriatako hiru titulu finalistak aukeratuko dituzte; dena den, Euskarazko jokorik onena kategoriako hautagaiak ez dute parte hartuko fase honetan: zuzenean hirugarrenera igaroko dira, hautatuak izan daitezkeen titulu gutxiago dituelako.

Hirugarren eta azken faseko epaimahaia prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatuko dute. Modu horretara, bi ikuspuntu eduki nahi dituzte: “batetik, bideo-jokoen munduan adituak diren pertsonak, produktuari aproposen egokitzen zaiona ezagutzen jakingo dutenak; eta, bestetik, mundu akademikoko profesionalak, lokalizazio-prozesuaren berezko konplexutasunak eta zailtasunak ezagutzen jakingo dutenak”.

Balorazio sisteman ahalik eta inpartzialtasun handiena lortzeko helburuarekin “itzulpengintzako profesionalen edo lokalizazioaren munduarekin, agentziekin edo baita garapen-enpresekin ere nolabait lotutako jendearen parte-hartzea saihestuko dela” ziurtatu dute arduradunek.

EMAN ZURE BOTOA HEMEN

Kategoria guztietako irabazleak urteko lehen seihilekoan Vigoko Unibertsitatean egingo den ekitaldi batean jakinaraziko dira.