Urtarrilaren 26ra arte ireki dute botoa emateko epea. Iaz euskaratutako tituluak soilik hauta daitezke.
ETIV-UVIGO Sarien 2. edizioa abian da. Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak antolatutako ekimenak bideojokoen lokalizaziorik onenak saritzea bilatzen du; horien artean daude euskarazko itzulpenak.
Lokalizazio profesionala aintzatestea eta egindako lana aldarrikatzea da sarien helburua; izan ere, itzulpengintzaren alorra ezezaguna izan ohi dela azpimarratzen dute antolatzaileek. Hala ere, lokalizazio lanak duen garrantzia ikaragarria kontuan hartuta, “lokalizazio lana egiten duten pertsonei agerikotasuna eskaini, beren lana behar bezala balioesteko borrokan lagundu eta komunitate historikoetako berezko hizkuntzei bultzada eman” nahi dute ETIV-UVIGOkoek.
Bozketa fasea abian da: urtarrilaren 26ra arte botoa eman daiteke ekimenaren webgune ofizialean. Euskarazko bideojokorik onenaren sariaz gain, gauza bera egin dute lokalizazio katalanekin eta galegoekin. Are gehiago: Bikoiztutako jokoen lokalizaziorik onena, Bikoiztu gabeko jokoen lokalizaziorik onena, Indie jokoen lokalizaziorik onena eta ere Joko irisgarriena sarituko dituzte ekitaldian.
Ezingo da edozein lan hautatu, ordea: 2022an egindako bideojokoen itzulpenak soilik aukeratu daitezke. Ez hori bakarrik: garatzaileek zein zaleek euskaratutako lanak hauta daitezke, baina proposatutako jokoak lokalizazio taldeko kide guztiekin behar bezala akreditatuta egotea ezinbestekoa da. Gainera, ez dira berrargitalpenak, beste plataformetan egindako merkaturatze berantiarrak, betak edo sarbide goiztiarrak onartuko.
Laburbilduz, 2022eko urtarrilaren 1etik 2022eko abenduaren 31ra ofizialki euskaratu ziren jokoen alde egin dezakegu soilik, eta itzultzaileen izenak kredituetan azaldu behar dira. Hemen irakur daiteke araudi osoa.
Itzulpen lana kontuan hartzen ez duten zein euskaratze ez ofiziala dutenak sarietatik kanpo geratuko dira, tamalez. Hori horrela, proposa daitezkeen hautagaien zerrenda honakoa da —baten bat kanpoan geratu dela nabari baduzue, abisatu iruzkinetan!—:
- Barraka
- Maeiour
- Clone Hero
- Arima’s Shadow
- Avani
- Unicorn Wars
- Rivalia: Dungeon Raiders
- her tears were my light
- Narona Sports
- Veggie Menace
- GrinGoRun
- Amaiera Tragikoen Antzokia
- Aragami 2
- Arruyo
- Han’yo
- Arclight Beat
- Shadow Racer
- Kogarashi
- Fobos
- Veloren
- Pixel Wheels
Aurten ere hainbat izan dira zaleek euskaratu dituzten, baina zerrendatik kanpo geratu diren jokoak. Outer Wilds, Super Mario 64, Mini Metro edo Mario Kart 8 Deluxe bezalako tituluez euskaraz goza dezakegun arren, ez daukate itzulpen ofizialik.
Zenbaitetan, zorionez, garatzaileen arreta lortu eta lokalizazioa jokoetara ofizialki gehitzea lortu izan dute zaleek. Halere, kasu batzuetan itzultzaileek ez dute egindako lanaren inolako aitorpenik jaso.
Azken erabakia, epaimahaiaren esku
Gaur hasitako bozketa fasea sarien lehenengo atala baino ez da. Bigarren fasea ETIV ikasleen epaimahaiarena izango da: tituluko ikasleek hainbat kategoriatako obra finalistak aukeratuko dituzte. Hori bai, fase honetan ez dira kontuan hartuko Euskarazko jokorik onenaren kategoriako hautagaiak, “hautatuak izan ahal diren titulu gutxiago dituztelako”.
Hirugarren eta azken fasean prentsa espezializatuko profesionalek eta unibertsitateko irakasleek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu irabazleak. Hiru finalista egongo dira kategoria bakoitzeko.
Epaimahaiak “modu ekitatiboan” osatuta daude adierazi dute antolatzaileek. Prentsako jendea eta unibertsitateko irakasleak barne hartuko ditu, eta bi ikuspuntu eduki nahi dituzte: “batetik, bideojokoen munduan adituak diren pertsonak, produktuari ondoen egokitzen zaiona ezagutzen jakingo dutenak; eta, bestetik, mundu akademikoko profesionalak, lokalizazio-prozesuaren berezko konplexutasunak eta zailtasunak ezagutzen jakingo dutenak”.
Irabazleak Vigoko Unibertsitatean urteko lehen seihilekoan egingo den gala batean ezagutzera emango dituzte antolatzaileek.
Iruzkinak