Nintendo Wii-ko bideojokorik salduena gure hizkuntzara itzuli dute zale euskaldunek. Kontsolan zein emulatzailean erabili daiteke lokalizazioa.
Garatzaileek euskaraz argitaratutako nahiz bideojokozaleek gure hizkuntzara lokalizatutako tituluen jarraipena egiteko lanean dihardugu Game Erauntsian. Askotan, joko hauen arduradunak jartzen dira gurekin harremanetan egindako lanaren berri emateko; beste batzuetan, sarea arakatuz ezagutzen ditugu obra eta itzulpen horiek. Hala ere, badira gure radarretik kanpo geratzen diren lokalizazioak: hori izan da Mario Kart Wiiren euskarazko bertsioaren kasua.
Jokalari talde euskaldun batek hainbat hilabetez egindako lanaren emaitza da: Doremi zaleak Nintendoren 2008ko titulu arrakastatsua hartu eta itzultzeari ekin zion 2020ko apirilean. Euskaratze lana ez zuen bakarka burutu, ordea: Saru bideojokozaleak hartu zuen Doremiren ordezkoa proiektua amaitu ahal izateko.
Testuak eta menuak daude euskaratuta: testurak eta iruditegia faltan, Wiiko joko ia guztia itzuli dute zaleek. Horretarako laguntza jaso dute: Mario Kart Wii Translation Project-ekin elkarlanean aritu dira. Talde hau 2014an sortu zen, Wiiko jokoa nederlandera itzulita. Ordutik hona beste hainbat hizkuntzatara lokalizatzeko komunitatea eratu dute, baliabideak eta laguntza teknikoa eskainita. Doremik aipatzen duenez, proiektuan lan egiten zebilen ezagun batek proposatu zion Mario Kart Wii euskaratzea: “Nik hasi nuen, Luna-ren laguntzarekin, hark esan baitzidan Mario Kart euskaraz ikusi nahi zuela”.
Mario Kart Wii frankiziako bideojokorik arrakastatsuenetakoa da. 37 milioi salduta, Wii kontsolako titulurik salduena da —Wii Sports gehiago banatu ziren, baina kontsolarekin batera eskaintzen zirelako— eta bigarren Mario Kartik errentagarriena, MK8-ren atzetik. Frankiziarako berritasun interesgarriak proposatu zituen: autoetara mugatu beharrean motorrak gehitu zituen lehen bideojokoa izan zen, baita jauzi bidez miniturboak lortzeko mekanika ikusi genuen lehen aldia ere.
Wii kontsolaren bitartez nahiz Dolphin emulatzailearekin goza daiteke bideojokoaz euskaraz. Modu batera edo bestera euskaratzeko jarraitu beharreko pausoak desberdinak dira: instalazio prozesuak laburbildu ditugu jarraian.
Dolphin bidez
- Itzulpen fitxategiak jaitsi esteka honetatik.
- Mario Kart Wii-ren PAL bertsioko ISO fitxategia eskuratu (hau ezin dezakegu guk partekatu).
- Dolphin emulatzailea jaitsi proiektuaren webgunetik.
- Dolphin ireki eta ISO fitxategia duzun karpeta hautatu.
- Jokoen zerrendan, Mario Kart Wiiren gainean eskuineko klik egin eta “Properties” sakatu.
- Irekitako leihoan, “Filesystem” atalera joan.
- “Disc” gainean eskuineko klik egin eta “Extract entire disc” sakatu. ISO-a deskonprimatzea nahi duzun karpeta aukeratu eta aurrera egin.
- Behin guztia deskonprimatuta, fitxategietara sartu eta hurrengo karpeta bilatu: DATA/Files/Scene/Ui.
- Bertako fitxategiak itzulpen fitxategiengatik ordeztu beharko dituzu. Itzulpen fitxategiek “EU” azpititulua daramate. Gaztelerazko bertsioa ordeztu nahi izanez gero, “S” azpititulua jarri beharko diezu; ingelesezkoa ordezkatzeko “E”, adibidez.
- Fitxategi guztiak ordeztuta, deskonprimatutako karpeta osoa Dolphin bidez ireki.
- Modu horretara joka dezakezu, baina berriz ISO batean bihurtzeko aukera ere badago. Horretarako, Dolphinen jokoen zerrendan euskaratutako MKWii-n eskuineko klik egin eta “Convert File…” sakatu. Ondoren, azaltzen diren pausoak jarraitu.
Wii kontsolan
- Itzulpen fitxategiak jaitsi esteka honetatik.
- Wii kontsolan Homebrew Channel programa instalatuta edukitzea beharrezkoa da.
- Riivolution edo antzeko programa instalatu. Horrekin jokoetan adabakiak instalatzea posible izango da.
- Txantiloi hau SD txartelean sartu.
- Bertan, /mkw karpetan jaitsitako itzulpen fitxategiak jaitsi. Itzulpen fitxategiek “EU” azpititulua daramate. Gaztelerazko bertsioa ordeztu nahi izanez gero, “S” azpititulua jarri beharko diezu; ingelesezkoa ordezkatzeko “E”, adibidez.
Euskaratzea une aproposean ezagutu dugu: Nintendoren iturginaren lasterketen frankiziak 30 urte beteko ditu aurten. Saga osoa errepasatu genuen Game Erauntsian Oskolak, derrapatzeak eta lagunen arteko haserreak: 30 urte Mario Kartekin erreportajean joan den urtarrilean. Datozen asteetan are berritasun gehiago iritsiko direla esan dezakegu gainera...
Euskaraz jokatzeko eskaintza, areagotzen
Euskaratutako bideojokoen zerrendak hazten jarraitzen du azken titulu honekin. Aurten Super Mario 64, Outer Wilds eta Fobos bikainen itzulpenak jaso ditugu momentuz, baina laster are gehiagoren berri edukitzea espero dugu; hor daude, esate baterako, aurten kaleratuko den One Last Breath nahiz Basajaun Games estudioak lokalizatuko duen Bad End Theater.
Beraz, garatzaile zein zale euskaldunei esker gertatuko dela azpimarratu beharra dago: hauek dira bideojokoak euskaratzeari ekiten diotenak. Hemen daukazue euskarazko bideojokoen zerrenda osoa.
Elkarlana errazteko asmoz, Game Erauntsiatik itzulpen proiektuak abiarazteko eta antolatzeko atala sortu dugu gure Discord zerbitzarian.
Iruzkinak