Abuztuaren 12an kaleratuko da lehen atala; honen espantsioa udazkenerako agindu dute PlayStation-ekoek.

Insomniac Games-en bideojokoak ere ordenagailuetara datoz. Orain egun batzuk Steam-en Housemarque Games-en Returnal agertu dela jakitera eman genuen, baina PlayStationekoek aurretik beste titulu batzuk baieztatu ditu PCrako: Marvel komikien argitaletxearekin batera garatutako Marvel’s Spider-Man eta Marvel’s Spider-Man: Miles Morales arrakastatsuak izango dira.

Nixxes Software arduratuko da port hauetaz: orain hilabete batzuk PlayStation Studios-era gehitutako garatzaileetako bat da. Hain zuzen ere, ordenagailuetarako bertsioak garatzea da holandarren berezitasuna. Trailerrean, ordea, ez dituzte bertsiook ekarriko dituzte ezaugarriak eta berritasunak zehaztu.

Hori bai, lehenengoaren kasuan PlayStation 5-erako kaleratu zen birmasterizazioan aurrean gaude: Peter Parker protagonistari aurpegi berria jarri, izpien trazadura gehitu eta askotariko hobekuntzak gaineratu zituen, besteak beste.

Argitaratze ordeak jakitera eman dituzte, hori bai. Marvel’s Spider-Man laster jasoko dugu: abuztuaren 12an iritsiko da Steam eta Epic Games Store saltokietara. Miles Morales espantsio independentea —ez da oinarrizko obra behar jokatzeko—, berriz, udazkenean merkaturatuko dute.

Orain ulertzen dira Jim Ryan-ek PlayStationen barne batzar batean egindako adierazpenak. Aurten PCko tituluekin 300 milioi dolarretako etekinak irabaztea aurreikusten dute: God of War, Uncharted: Legacy of Thieves Collection eta Spider-Man hauek argitaratuta, ez da harritzekoa halako onuren zain egotea. The Last of Us-ekin batera, PlayStationen markarik handienak direla esan dezakegu, inolako zalantzarik gabe.

2020an hitz egin genuen sakontasunean Marvel’s Spider-Mani buruz argitaratu genuen analisian. Akziozko joko aparta dela esaten genuen bertan, baina akatsak ere bazituela nabarmendu genuen:

Atal trakets gutxi batzuk ditu, baina Marvel’s Spider-Man heroi araknidoak inoiz izan duen bideojokorik borobilena da. Peter Parkerrekin Manhattan zeharkatzea zoragarria da, eta abenturak aurkeztutako istorioa interes handiarekin jarraitzekoa da.