Game Erauntsia Elkarteak Fsix Games estudio bilbotarrarekin bat egin du ARPG abentura lokalizatzeko.

Bilboko Fsix Games taldeak bere lehen tituluaren argitalpen data iragarri du. Rivalia: Dungeon Raiders urriaren 5ean kaleratuko da ordenagailuetan eta PlayStation kontsoletan. Ez hori bakarrik: guztiz euskaratuta iritsiko da saltokietara.

Roguelite mekanikak biltzen dituen akziozko RPG hau gure hizkuntzan jokatzeko itzulpen lana Game Erauntsia Elkarteak burutu du. Fsix Gamesekoekin bat eginda, Ashelin deabru ezpatariaren, Halmor lapur bizkorraren, Evanya sorginaren eta Yhorm zaldun erraldoiaren abenturak gure mintzairan bizi ahalko dira.

Lau protagonista edukiko dituen arren, jokalari bakarrarentzako abentura da Rivalia. Hauekin batera Rivaliako gaztelu itxuraldatuan dauden ziegak esploratzeari ekin beharko diogu. Bakoitzak bere abileziak eta ahulguneak dituenez, arerio mota desberdinei aurre egiteko aproposena aukeratzea izango da gakoa; edozein unetan alda dezakegu bata bestearen artean. Hala eta guztiz ere, garaipena lortzeko elkarlana ezinbestekoa dela ikusiko dugu.

Eskeletoekin, iratxoekin, dinosauroekin, eta, nola ez, etsai nagusi erraldoiekin topo egingo dugu maila bakoitzaren bukaeran. Hauek zein aurkari arruntak akatzerakoan, gainera, material eta objektuak eskuratuko ditugu: horiei esker gure abenturan lagungarriak izango diren tresnak sortuko ditugu.

Partida bakoitza desberdina izango da, gainera: ziegak prozeduralki eraikitakoak izango direnez, bideojokoak roguelite elementuak dituela esan daiteke. Hortaz, behin eta berriro ariko gara gazteluko zoko berriak esploratzen eta hauetan sakabanatutako sekretuak biltzen.

Urrian argitaratu aurretik jokoa sakontasunean ikusteko aukera agindu dute bilbotarrek. Horretarako, irailaren 29an jokagarritasun bideo berria zabalduko dute beren sare sozialen bitartez.

Esan bezala, Rivalia: Dungeon Raiders urriaren 5ean merkaturatuko da PlayStation 5ean, PlayStation 4an eta ordenagailuetan. Azken hauetara Steam saltokiaren bidez iritsiko da: euskaratuta estreinatuko denez, Valve-koen plataformako jokoaren fitxan horrela adierazten da dagoeneko.

Ezaugarri hau abuztuan inplementatu zuten; horri esker, euskaraz joka daitezkeen bideojokoak identifikatzea eta ezagutzea inoiz baino errazagoa da Steamen. Hizkuntza bidez obrak iragazteko aukera gehitzea falta da oraindik, ordea: urriaren 1etik aurrera gaineratuko dutela agindu dute Valvekoek.

 

Euskarazko bideojokoak ezagutu

Rivalia da Game Erauntsia Elkarteak itzulitako azken bideojokoa. Aurretik, baina, beste zenbait titulu euskaratu ditugu: Space RevengeMario Kart 8 DeluxeSuper Mario 64 edo Sword of the Necromancer dira, besteak beste, azken hilabeteotan lokalizatutakoak.

Horrez gain, ezin gara ahaztu euskal bideojokozaleen komunitateko kideek nahiz euskal garatzaileek lokalizatutako lanez. Horiek guztiak aurkitzeko bidea Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrenda da.