Game Erauntsia Elkarteko Joxeba Lizeaga kideak NES kontsolako jokorik maitatuenetakoa itzuli du. Romhack bidez joka daiteke gure hizkuntzan.
Bideojokoen historiako titulurik onenak euskaraz edukitzea luxu hutsa da, eta horixe bera egin du Game Erauntsia Elkarteak Super Mario Bros. 3 mitikoarekin: Nintendo Entertainment System kontsolako plataforma abenturaz euskaraz gozatzeko aukera dago orain.
Joxeba Lizeaga GEko kidea arduratu da NESko bideojokoa gure mintzairara lokalizatzeaz. Basalurraren lehen lurretatik hasita, Bowser zitalaren lurralde ilunerainoko bidaia osoa euskaraz bizi dezakegu Mario eta Luigi anaiekin.
Nahiz eta testu gutxiko bideojokoa izan, lokalizazio prozesua ez da batere sinplea izan. Romhack kategorian sartzen dela esan daiteke; hau da, jokoaren ROM fitxategi originala eraldatzeaz arduratu da Lizeaga.
Menu nagusiak, Toad-en jokoak, Peach printzesaren gutunak zein bukaerako kredituak, guztiak euskaratzea lortu du zaleak.
ROM fitxategia itzultzeko prozesua oso sinplea da. Hemen jarraibideak:
- Itzulpenaren IPS fitxategia eta Lunar IPS programa jaitsi.
- Super Mario Bros. 3ren ROM fitxategia lortu. USA bertsioa behar da euskaratzea aplikatzeko (Game Erauntsiak ezin dezake eskaini).
- Lunar IPS ireki, eta ‘Apply IPS Patch’ aukeran sakatu.
- IPS adabakia aukeratu irekitzen den menuan.
- Super Mario Bros. 3ren ROM fitxategia aukeratu irekitzen den menuan.
- Eginda!
Euskaratutako SMB3 emulatzaileetan erabil daiteke; horiez gain, ez legoke arazorik egon behar NES kontsola originalean jokatzeko.
Marioren hirugarren abentura sagako maitatuenetakoa da: NES kontsolako maisulanik esanguratsuena izateaz gain, iturginaren joko klasikoetatik onena da zale askoren ustez. 1988. urtean kaleratu zuen Nintendo-k Japonian; halere, gure etxeetara 1991an iritsi zen.
NES kontsolako bertsioaz gain, birmasterizazioa jaso zuen SNES gailuan Super Mario All-Stars bildumaren bidez; ez hori bakarrik, Super Mario Advance 4 izenarekin estreinatu zen Game Boy Advance eramangarrian, hainbat eduki gehigarrirekin batera.
Lehen bost Mario nagusiak euskaratuta daude!
Hirugarren atala euskaratuta, Marioren obra klasikoenak gure hizkuntzan joka ditzakegu! Super Mario Bros, Super Mario Bros 2 (edo SMB USA), Super Mario Bros 3, Super Mario World zein Super Mario 64 euskaraz jokatu ahal izateko lana burutu du euskal bideojokozaleen komunitatea osatzen duten zaleek. Mario Kart 8 Deluxe bikaina ere lokalizatuta dagoela nabarmendu beharra dago, gainera!
SMB3 Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendako 168. titulua da. Hemen aurkituko dituzu guztiak.
Iruzkinak