Steam, GOG edo Epic Games Store plataformetan erositako tituluak agertuko dira Xboxen aplikazioan.
Xboxek PCko aplikazioaren hurrengo gaurkotze handiaren xehetasunak eskaini ditu. Bideojokoen saltoki eta plataforma anitzetako liburutegiak bateratzen hasiko dira, bertako jokoak Xboxetik abiatzea ahalbidetuz.
Steam, GOG, Epic Games Store, Ubisoft Connect edo EA Play bezalakoetako jokoak biltzea da, laburbilduz, Xboxen tresnaren aukera berria: instalatuta nahiz erosita ditugun bideojoko guztiak Xboxen aplikaziotik atera gabe erabiltzea, eta guztia agintearekin egin ahal izatea.
Azaltzen dutenez, bideojoko desberdinak automatikoki erregistratuko ditu programak. Hauek ezabatzeko aukera egongo da, horrela nahi izanez gero.
Badira antzekoa egiten duten launcher-ak eta aplikazioak, baina hurrengo hardwareari begirako mugimendua da Microsoft-ekoentzat. ROG Xbox Ally gailuek liburutegi bateratua eskaintzeko lehen pausoa dela esan daiteke; izan ere, urtea bukatu aurretik merkaturatuko diren eskuko PCek Xboxen aplikazioa erabiliko dute —nahiz eta atzean Windows sistema eragilearekin funtzionatuko duten—.
Asus-en gailuen iragarpenean PCko gainerako launcher desberdinak modu errazean erabili ahalko zirela adierazi zuten: launcher bateratua da erantzuna. Gainera, etorkizunean Xboxek ordenagailu motako gailu gehiago kaleratzeko asmoarekin jarraituz gero, euren aplikaziotik edozein bideojoko exekutatzeko bidea prest edukiko dute.
Bideojokoen liburutegi bateratua Xbox Insider programaren erabiltzaileek jaso dute lehenik eta behin: probaldiaren ondoren, gainerako jokalariek ikusiko dute: ROG Xbox Ally eta ROG Xbox Ally X PCen merkaturatzerako prest egongo omen da.
Xbox eta AMD, elkarlanean
Hardwarearekin jarraituz, Xboxek AMDrekin akordioa baieztatu du hurrengo belaunaldiko kontsolak garatzeko.
Hainbat urteko iraupena edukiko duen hitzarmenak Xbox kontsola berriak bideratzeko balioko du, “bai zuon egongelarako, bai zuon eskuetarako”. Hainbat susmo daude, hortaz: gailu mota desberdinak egon daitezke, Xbox kontsola arruntak eta eskuko PCak, adibidez; bestela, Switch estiloko kontsola hibridoa prestatzea izan daiteke Redmond-ekoen helburua.
Dakigunagatik, Xbox gailu eramangarria prestatu nahian dabil aspalditik —eta ez, ROG Xbox Allya ez da berezko kontsola izango—.
Retrobateragarritasuna izan da akordioaren iragarpeneko ardatzetako bat: diotenez, aurreko kontsoletako jokoak berrerabiltzea bermatu nahi dute. Ikustekoa izango da, halere, joko fisikoen bateragarritasunaren funtzionamendua: gailurik berrienetan disko irakurgailuak alboratzeko joera ikusi dugu.
Garai ilunak
Etorkizunerako hainbat aldaketa eta berritasun iragarri badituzte ere, egungo Xboxen egoera ez da batere baikorra. Jason Schreier kazetariak Bloomberg atarian jakitera eman duenez, Microsoftek kaleratze masiboak egingo ditu Xbox bideojokoen dibisioan.
Datorren astean jazoko direla dio Schreierrek, "enpresa mailako azken berrantolaketan". Microsoft, oraingoz, ez da honen inguruan mintzatu.
Xboxek azken hamazortzi hilabeteetan egindako laugarren kaleratze txanda handia izango litzateke: irailean 650 langile kanporatu zituzten. Microsoftek Activision Blizzard King taldea erosi zuen 2023an 68.000 mila milioi dolarren truke; ordutik hona, exekutiboek irabaziak areagotzeko eskariak indartu dituzte, kaleratzeak bultzatuz.
Iruzkinak