DigiPen Europe Bilbo ikastetxeko laugarren mailako ikasleek osatutako Hamstag estudioak akzioa eta borrokak biltzen dituen abentura txikia eratu du.
Euskaratutako azken bideojokoek japoniar mitologia ardatz hartu dute: Aragami 2 eta Han’yo jaso ostean, God of War gogora ekartzen duen Kogarashi hack & slash abentura iritsi zaigu ustekabean.
Abura Akago izeneko suzko deabruaren rola hartuko dugu titulu honetan. Izoztutako Japonian esnatuko da gure protagonista: Yuki Onna damak eta bere izotzezko deabruek herrialdiaren kontrola hartu dute. Hauek garaitzea izango da gure helburu nagusia, horretarako hiru dimentsioko borroketan parte hartuta.
Esan bezala, Sony Santa Monica estudioaren eta beste hainbat akziozko jokoren elementuak batzen ditu Kogarashik: dueluetan eraso bizkorra, gogorra, defendatzea eta saihestea erabili ahalko ditugu. Hauek modu aproposean menperatu beharko ditugu bizirik jarraitzeko; izan ere, deabru mota desberdinen aurkako borrokak ez dira batere errazak izango. Horiez gain, exekuzioak nahiz eraso bereziak izango ditugu eskura: erabiltzeko unerik onena hautatzea ezinbestekoa izango da.
Hori esanda, bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak ikasi beharko ditugu: munstro arruntak, izaki erraldoiak eta geldoak, urrunetik tiro egiten duten zitalak zein piztia hegalariak ikusiko ditugu. Ez hori bakarrik: etsai nagusien aurkako borroketan parte hartzen ere ibiliko gara.
DigiPen Europe Bilbo zentroko jokoa dela nabarmendu beharra dago; hortaz, laugarren mailako ikasleek burututako proiektua da Kogarashi. Joko txikia, laburra baina ederra da. Euskaraz egoteaz gain, doakoa da: Steam bidez eskura daiteke ezer ordaindu gabe.
Aitor Gandia, Asier Elorz, Urtzi Urtzelai, Andoni Alonso eta Mikel Torrecilla arduratu dira atal teknikoaz; Alba Hurtado, Iñigo Bartolome, Maria Cosgaya, Marina Alonso, Carolina Pedreda eta Sergio Delgado izan dira, berriz, jokoaren artistak. Elkarrekin, Hamstag deitutako estudioa sortu dute ikasleek.
Gure bloga jarraitzen baduzue, azken asteotan modu berean euskaraz argitaratu diren bideojokoak hainbat izan direla ikusiko zenuten. Game Erauntsian Han’yo, Arruyo, Shadow Racer nahiz Arclight Beat jokoei buruz hitz egin dugu. Aurreko urteetan ere antzeko kasuak ikusi ditugu: Mirlo: Above the Sun, Forgotten Journey, Quest 4 Papa: Reloaded eta Astra gure hizkuntzan goza daitezke.
Ez dira, ordea, euskaraz dauden titulu bakarrak: guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke.
Iruzkinak