Slap That, Chrono Club – Race Against Time, MouseVentures eta Abyssal interesgarriekin denetariko generoak landu dituzte.

DigiPen Europe Bilbo ikastetxeko ikasleek euskaratutako joko sorta berria argitaratu dute ordenagailuko Steam plataforman. Ohi bezala, gure hizkuntzan aritzeaz gain, lau bideojoko berriok doan gozatzeko aukera daukagu.

Joan den ikasturtean garatutako bideojokoak dira Slap That, Chrono Club – Race Against Time, MouseVentures eta Abyssal. Askotariko generoak ikusiko ditugu: lasterketak, estrategia jokoak, puzzle abenturak zein esperimentu bitxiak prestatu dituzte ikasleek.

 

Slap That

Irene Amor, Diego Lopez, Fernando Uribe, Pablo Rodriguez eta Edu Vega sortzaileek osatutako The Slap Team taldearen obrak 90eko hamarkada bukaeran ordenagailuetan ikus zitezkeen bideojokoak gogora ekartzen ditu bere proposamen bitxiarekin.

Slap Thaten belarrondokoak ematen ibiliko gara. Bai, jauzi eta lasterka egiteaz gain, hori izango da gure trebetasun bakarra. Jendearekin hitz egiteko, puzzleak gainditzeko, elkarreragiteko… zaplastekoak banatuko ditugu. 3D estetika retro xarmagarriarekin eta underground girotzearekin, titulu sinplearekin gozatzen ibili naizela aitortu beharra daukat.

 

Chrono Club – Race Against Time

Lasterketak biziko ditugu Chrono Cluben; zehazki, Mario Kart estiloko jokoen klona eratu dute Aitor Garmendia, Ignacio Berciano, Thomas Branch eta Iker Caldentey programatzaileek, Leire Martinez, Soinua: Eritz Olaizola, Iker Caldentey eta Nicolau Guardiola arte taldearekin batera. Euskaratzeaz, berriz, Berciano arduratu dela adierazten dute kredituetan.

Ikasleek egindako prototipoa izan arren, MK klon askotan ikusitakoa gainditu dute. Aukeratzeko hainbat zirkuitu, gainerako gidariei oztopatzeko objektu sorta zabala, joko mota desberdinak eta Digipengo gainerako jokoetako pertsonaiek osatutako gidarien zerrenda biltzen ditu —euskaratutako Han’yo eta Quest 4 Papa: Reloaded barne—. Ahotsak ikasleek grabatutakoak dira. Multijokalaria ere badauka, halako jokoen zutabe nagusietako bat. Itzela.

 

MouseVentures

Puzzle joko xarmagarria prestatu du Fondue Games ikasle taldeak. Jon Legarretaetxebarria,Aihotz Arruti, Adrian Alonso, Unai Madrazo, Jon Ander Ezeiza eta Adrian Montes programatzaileak zein Mirari Cañaveras —euskaratzeaz arduratu da—, Leire Santamarina, Estibaliz Gomez, Zahira Gomez, Xinyi Liu, Aiden Yerga eta Rong Han artistak arduratu dira garatzeaz. Musika Jon Haran Cañaverasen eskutik dator.

Ipuinetako munduetan barnera daitekeen sagutxo txikia kontrolatuko dugu. Arturo erregearen kondaira biziko dugu: harrian sartutako ezpatarekin lagunduko diogu. Horretarako, kaxak mugitzea eskatzen duten puzzle sinpleak gainditu beharko ditugu, baina imanekin ere jokatzea eskatuko digute. Girotzea goraipatzekoa da, paperez eta kartoiz osatutako mundutxo miragarria sortu baitute.

 

Abyssal

XCOM bezalako txandakako estrategia jokoen mekanikak ikusiko ditugu Pina Studios-en Abyssalen. Mikel Etxabe, Jokin Martinez eta Guillermo Hurtado de Mendoza arduratu dira programazioaz; tresna programatzaileak, berriz, Iñigo Ojinaga eta Elgar Pagnussat dira; bukatzeko, Susana Villar, Miguel Andres Santos, Pietro Cazzaniga eta Alvaro Rodriguez aritu dira tituluaren arte lanak kudeatzen.

Magiaz betetako mundura bidaiatuko dugu. Lauki sarearen gainean mugituko ditugu gure pertsonaiak: azti batetik hasita, lapiko magikoa bezalako lagunak ikusiko ditugu. Protagonista bakoitzak bere abileziak eta erasoak dauzka: modu aproposean erabili beharko ditugu zauritu gabe etsaien armadak garaitzeko.

Esan bezala, lau bideojokoak doan eskura ditzakegu Steam bidez. Gauza bera gertatzen da DigiPengo ikasleek aurreko urteetan kaleratutako proiektuekin. Hauen gehiengoan ere euskaraz joka dezakegu: Arclight BeatGalactic Grinder edo Mirlo: Above the Sun ditugu, besteak beste.

Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzue guztiak, eta are gehiago.