Lau estudio itxi ditu asteon. Tango-k zein Arkane Austin-ek izandako proiektu berriei buruzko informazioa argitara eman da.

Kaleratzeak eta irazketak ikusten jarraituko dugu XboxenBloomberg agerkariaren arabera, Microsoften bideojokoen esparrua are murrizketa gehiago egiteko prestatzen ari da.

“Xboxekoak kaleratze boluntarioen akordioak luzatzen hasi dira”, aipatzen du Jason Schreier kazetari ezagunak. Oraingoz, Zenimax taldeko —Bethesda-ren erakunde nagusia— “ekoizleei, probatzaileei eta bestelako langileei” bidali dizkiete hitzarmenak.

Dena den, Schreierrek are kanporatze gehiago datozela aldarrikatzen du: “Xboxeko antolakuntza taldeko kide batzuei jakinarazi zaienez, murrizketa gehiago daude bidean“.

Egoera ez da batere ona Xbox Game Studiosko langileen artean. Asteartean Tango Gameworks, Arkane Austin, Alpha Dog Games nahiz Roundhouse Games estudioak itxi zituztela ezagutzera eman zuen Matt Booty Xbox Game Studiosko arduradun nagusiak, langileei bidalitako barne mezuaren bidez.

Sortzaileak ustekabean harrapatu zituen berriak. Zergatiak guztiz argitu gabe daude oraindik, baina Bootyk uste duenez, “taldeak meheegi banatuta zeuden Xbox barnean, dibisio ezberdinetako arduradunak lantalde txikiegiak zituztela pentsatzera eramanez”. Lau estudioen itxiera gainerako taldeei baliabideak eskaintzera bideratuta dagoela aipatzen da artikuluan.

Horixe bera aldarrikatzen du Jill Braff Zenimax Studios-ko arduradunak Bloombergi iritsitako bilerako audioan. “Zaila da nazioartean banatutako bederatzi estudio babestea talde nagusi meheak egiteko lanen zerrenda bukaezina duen bitartean”. Are gehiago, “erortzekotan zirela” dio Braffek.

 

Estudio arrakastatsuak ixten

Redfall izan zen Arkanegoen azken jokoa, adibidez: salmenta eskasak eta kritika latzak bildu ditu, taldearen ibilbidea zikindu duen lana izanik, baina aurretik Prey edo Dishonored bezalako joko preziatuak baino ez zituzten argitaratu.

Bloombergen artikuluan aipatzen denez, Arkane Austin ixteko arrazoia “ez dago Redfallen errendimendu komertzialari lotuta”, baina ez dute beste zergatirik eskaini. Nabarmentzekoa da Redfallen garapenean talde originalaren % 70 inguruk alde egin zuela. Austingoak euren erroetara itzultzeko “jokalari bakarrarentzako immersive sim berria” sortzen zebiltzala azpimarratzen dute artikuluko iturriek.

Murrizketarik okerrena, zalantzarik gabe, Tangorena izan da. Shinji Mikami garatzaileak eratutako taldearen —nahiz eta Resident Evil sagaren aitak estudioa orain gutxi utzi zuen— azken bideojokoa, Hi-Fi Rusharrakasta hutsa izan zen hedabideentzat zein jokalarientzat, baita Xboxentzat ere: Bootyk berak japoniarrek hack and slash abenturak lortutako arrakasta nabarmendu zuen. Ez hori bakarrik: atzo bertan berriz mintzatu zen horren inguruan. "Sariak eta prestigioa eskaintzen dizkiguten joko txikiagoak behar ditugu", adierazi zuen Bootyk. Hi-Fi Rush bezalakoak, alegia.

Tangokoak ere hurrengo lanari forma ematen zebiltzan; hain zuzen ere, “Hi-Fi Rushen jarraipena prestatzen hasiak” ziren, diote Schreierren iturriek.

 

Frankizia handien bila

Xboxekoak noraezean dabiltzala pentsa daiteke: 68 mila milioi dolar xahutu zituzten Activision Blizzard erosteko; 7,5 mila milioi dolar ordaindu zituen, bestalde, Bethesdagatik. Zifra horiekin, askorentzat harrigarria da ibilbide oparoa izan duten estudio txikiak ixten ibiltzea. Ez hori bakarrik, urtarrilean Xbox, Activision Blizzard zein Zenimax lantaldeetako 1.900 langile kanporatu zituzten.

Redmondekoen estrategia beste norabide batera bideratuta dagoela dirudi. Bereganatutako talde erraldoietako estudio guztiak kudeatu eta babestu beharrean, hauen IP eta frankizia arrakastatsuak lortzeko aukera izan da Phil Spencer-ek gidatutako enpresarentzat: Call of Duty, Candy Crush, Warcraft, The Elder Scrolls, Fallout, Diablo, Overwatch eta beste hainbat bideojoko saga arrakastatsu eskuratu zituzten erosketokin.

Denborarekin ikusiko dugu, baina une honetan Xboxekoen asmoa multi milioidun frankiziok indartzea eta bultzatzea litzateke, soberan dituzten gainerako taldeak eta langileak alboratuz. Zaleek Ninja Theory, Double Fine edo Obsidian estudioak ixteko beldurra dute.

 

Arazoak Game Pass-arekin eta esklusiboekin

Xbox Game Pass zerbitzua ere aipatu beharra dago. Azken urteotan harpidetza zeharo arrakastatsua izan dela saldu dute Spencerrek eta taldekoek, zerbitzua indartzeko taldeak eta jokoak erosita.

Estudio hauei etorkizun ederra agindu zitzaien: beren jokoak ez ziren ekonomikoki arrakastatsuak izan beharko. Horren ordez, helburua Game Passa sendotzeko liburutegi erraldoia prestatzea zen, mota guztietako tituluekin.

2019. urtetik 2021era hazkunde izugarria eman zen harpidedunen artean: Game Passari egindako ekarpenek zein pandemia egoerak zerbitzu benetan interesgarrian bilakatzen zuten Xboxekoena.

Ordutik hona, baina, ez dirudi harpidedunen kopuruak gora egin duenik. Microsoftekoek datu gutxi eskaintzen dituzte zerbitzuaren erabiltzaileen inguruan, baina ez dituzte aurreikuspenak bete. Kezkatzekoa, Xbox Live Gold zerbitzua Game Pass Core zerbitzuan bihurtu zutela kontuan hartuta.

Bukatzeko, Xboxek bideojoko esklusiboen politikan egindako aldaketak nabarmendu behar dira. Aspaldi PCra begira jarri ziren, Xbox kontsoletako obra guztiak hona eramaten hasita. Aurten, ordea, gainerako kontsoletara hedatu dira: Nintendo edo PlayStation gailuetarako lau bideojoko argitaratu dituzte jadanik.

Xbox taldeko pentsamoldea aldatu dela dirudi, hortaz. Zerbitzu jokoak eta frankizia handiak indartzea da orain helburua, berdin dio zein plataformatan. Hori dela-eta, orain gutxi erositako enpresa erraldoietako talderik txikienak desagertzen joango direla pentsa dezakegu, ehundaka edo milaka kaleratze eraginda.