Ibai Oihanguren zaleak Acid Nerve taldearen bideojoko dibertigarria gure mintzairan jokatzeko aukera eskaintzen digu.
Death’s Door bikainaz euskaraz gozatzeko aukera dugu orain. 2021ean estreinatutako abenturak The Legend of Zelda klasikoen estiloa jarraitzen du, ikuspegi isometriko bidez borroka zirraragarriak, esploratzeko mundu anitza eta puzzle adimentsuak elkartuta.
Ibai Oihanguren arduratu da Death’s Door euskaratzeaz, bere itzulpenen zerrenda luzeko azken lana izanik. Ibaios.eus webgunetik jaitsi dezakegu itzulpena: Windows zein GNU/Linux sistema eragileentzako bertsio desberdinak prestatu ditu egileak, instalatzailearekin edo script bidez modu errazean instalatzeko aukera eskainita.
“Arimak segatu, ateak elikatzeko, arima gehiago segatu ahal ditzagun… eta zikloa errepikatzen da… behin eta berriro… Hau eromena, eh?”. Bele txiki batean bilakatuko gara Acid Nerve estudioaren abenturan. Ez da bele arrunta, ordea: herioren lanak egiten dituen langileetako bat dugu, hildakoen arimak batuz.
Arima horietako bat lapurtuko diote gure protagonistari, eta heriotzarik gabeko lurralde misteriotsuan zehar barneratu beharko gara berreskuratzeko.
Borrokak dira nagusi mundu honetan; izan ere, bertan bizirik jarraitzen duten izakiak boterez eta anbizioz beteta daude. Belearen ezpata magikoa erabiltzeaz gain, gure abenturetan denetariko objektuak aurkituko ditugu, dueluetan gure esku dauden aukerak areagotuz: bonbak, arkua zein magia lortuko ditugu, besteak beste. Dark Souls jokoekin alderatzen dute askok, eta antzekotasunak hor daudela aitortu beharra dago.
Esplorazioa da Death’s Doorren beste ardatzetako bat. Askotariko tokiak bisitatuko ditugu gure abenturetan: sekretuz beteta egongo dira, eta, nola ez, aurrera egiteko puzzleak gainditzen ere ariko gara. Lortutako objektuekin bide berriak irekiko ditugu, baita armak zein abileziak hobetzeko beharrezko arimak eskuratu ere.
Acid Nerven lanaren arma sekretua, baina, bere umorean datza: pertsonaia zein une bitxiak eta gogoangarriak aurkituko ditu gure beletxoak. Rare bezalako estudioen umorea jarraitzen dutela esan daiteke; ez da harritzekoa, guztiak britainiarrak izanik.
Talde berberak euskaratutako beste joko bat dauka, gainera! Josu Igoa bideojokozaleak Titan Souls zoragarria itzuli zuen uztailean: Death’s Door honen hastapenak suposatzen zituen lana, alegia.
Ez ezazu aukera galdu: abenturen jarraitzaileek galdu ezin duten joko eder horietakoa da Death’s Door. Aurretik ere jokatzeak merezi bazuen, euskaratuta edukitzea luxu hutsa da!
167 bideojoko euskaraz
Death’s Doorren euskaratzearekin 167 bideojoko aurkitzen dira une honetan Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan: 17 gehitu ditugu 2024an.
Oihanguren da, hain zuzen ere, itzulpen horien arduradun nagusia: Pummel Party, Tunic, Signalis, Hollow Knight, Hyper Light Drifter, Inside, Return of the Obra Dinn, Owlboy edo Kopanito ikaragarriez euskaraz goza dezakegu berari esker.
Iruzkinak