Hainbat lagun party estiloko mahai joko partidetan biltzeko obra aproposa da: tokiko multijokalari zein sare bidezkoa dauzka.
Ibai Oihanguren zaleak bideojoko berria aurkeztu dio euskal bideojokalarien komunitateari: Pummel Partyk eskaintzen dituen minijoko sorta dibertigarrian euskaraz ari gaitezke gaurtik aurrera.
PCrako sortutako itzulpen ez ofiziala izanik, lokalizazio lana, ohi bezala, Ibaios webgunean aurkituko dugu: Windows zein GNU/Linux sistema eragileetarako instalatzaileak prestatu ditu, euskaratzeko prozesua erraztuz.
Jokoaren izenburuak argi adierazten duen bezala, Nintendo-koek Mario Party sagarekin hasitako bidea jarraitzen du Rebuilt Games-en Pummel Partyk. Hau da, party estiloko bideojokoaren aurrean gaude: mahai jokoetan ariko gara dadoak jaurtitzen, baina benetako xarma probetan edo minijokoetan dago.
Girotze anitzak dituzten mahai jokoetako errege izateko lehia gaitezke: espetxeak, hondartzaz betetako irlak, hondatutako hiriak eta halakoak ikusiko ditugu. Bakoitzean oztopo desberdinak egongo dira, baina orokorrean helburua aurrera egitea da, dado jaurtiketa bakoitzean zapaltzen dugun laukia kontuan hartuta. Objektuak, oztopoak, dirua eta bestelakoak ekarriko dizkigute.
Parte hartzaile guztiek dadoa bota ondoren minijokoen txanda dator. Horrela, era guztietako erronketan parte hartuko dugu: tiro jokoak, lasterketak, Bomberman estiloko dueluak, boxeo norgehiagokak, idazketa probak eta gehiago ikusiko ditugu Pummel Partyn. Minijoko motzak eta sinpleak dira; halere, irabazteko azkarrak eta trebeak izan behar gara, eta, are gehiago, zortea gure alde eduki.
Partida bakoitzaren arauak gure nahierara alda ditzakegu: puntuazioa zein irabazteko baldintzak ezar daitezke, esaterako. Horrez gain, mahai jokoa erabat alboratzeko eta minijokoetara mugatzeko aukera eskaintzen digu tituluak.
Mod-entzako euskarria nabarmendu beharra dago, gainera: Rebuiltekoek komunitatearen esku jarritako tresnari esker mahaiak zein minijokoak eratzeko erraztasun mordoa dago, mod gune bizia sortuz. Sortutakoak Steam Workshop bidez bila, parteka nahiz deskarga daitezke, prozesua zeharo bizkortuz.
Bideoetan odol kopuru esanguratsua ageri dela ikusiko duzue, baina ez arduratu: hau desaktibatzeko aukera ikusiko dugu jokoaren menu nagusian.
Lagunekin… ondo pasatuz?
Premisa interesgarria bada ere, argi dago halako obraz gozatzeko lagunarte aproposa ezinbestekoa dela. Bakarka zein beste zazpi pertsonekin batera ibil gaitezke; ez hori bakarrik, online joka dezakegu, eta, gainera, tokiko multijokalaria eskaintzen du Pummer Partyk, minijokoetan zatitutako pantaila erabiliz.
Irakurritakoarekin argi dago: lagunen arteko harreman guztiak deuseztatzeko lan aproposaren aurrean gaude.
Pummel Party Ibai Oihangurenek euskaratutako azken bideojokoa da; aurretik, Tunic, Signalis, Hollow Knight, Hyper Light Drifter, Inside, Return of the Obra Dinn, Owlboy eta Kopanito itzuli ditu zaleak.
Papers, Please maisulanaren itzulpena ere berea da, eta Lucas Pope garatzailearekin euskaratzea ofizialki inplementatzea adostu zuen.
Oihangurenen lan guztiak bere webgunean zein Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki ditzakegu.
Iruzkinak